GARA > Idatzia > Kultura

Kale antzerkia bizi-bizirik dagoela berretsi dute Otxandion

Kale-antzerki konpainiek hartu zituzten atzoko egunez Otxandioko kale eta plazak. Lehenengo Artekale Egunarekin pozik agertu ziren antolatzaileak, baita ikusleak ere. Eguraldiak uste baino gehiago lagundu zuen eta bertaratutako hamahiru konpainiek musu-truk erakutsi zituzten euren sorkuntza lanak. Krisia dela-eta, kontratazioak eten dituztenei «erakustaldi konstruktiboa» eman nahi izan zieten honela, «hemen gaude eta bizirik gaude» aldarrikatuz.

p054_f01_250x132.jpg

Ane ARRUTI | OTXANDIO

Antzerkia, musika, zirkua, dantza, clown-a... Denetariko arte eszenikoak bildu ziren atzo Otxandion, lehenengo Artekale Egunean. Kaleak batu zituen, hain zuzen, Euskal Herriko hamahiru konpainia eta euren lanekin eta bertaratutako jende mordoarekin argi gelditu zen sorkuntza gutxienez ez dagoela krisian. «Ideia lehengo urtean irten zen. Krisialdi honekin oso lan eskasa daukagu eta, protesta egin beharrean, zerbait konstruktiboa egin nahi genuen», azaldu zuen Antton Basterok, Toni La Sal konpainiako eta Artekale elkarteko kideak.

Erantzun hori ondoen egiten dutena eginez erakutsi zuten, kalea oholtza bilakatuz. Bezperan, gaueko hamabietan hasi zen Artekale Eguna, Jon Zabalek gaztetxean aurkeztutako «Pensamientos encontrados» lanarekin. Goiza esnatu ahala, En la Lona taldeak ekin zion egitarauari «Momentu Ridiccoli» haurrentzako ikuskizunarekin eta, hortik aurrera, iluntzera arte edozein kale bazterretan izan zen zer ikusi eta gozatu.

Euskal Herriko Kale Arteen Elkartea da Artekale. 2006. urtean sortu zen eta bazkideen artean 35 konpainia, zazpi azoka -Leioako Umore Azoka, Arrigorriagako Clown jaialdia, Bilboko Kalealdia, Gasteizko Kalearte...- eta banatzaileak biltzen ditu, besteak beste. Bertan kale artea bultzatzeko eta euskal konpainiak atzerrian sustatzeko ahalegina egiten du elkarteak.

Elkarteko hamahiru talde izan ziren atzo Otxandion: Debote Enbote, En la Lona, Gaitzerdi Teatro, Jon Zabal, Hortzmuga Teatroa, Latirili Teatro, Oihulari Klown, Sebastopoleko Titiriteroak, Teatro Salitre, Toni La Sal, Trapu Zaharra, Turukutupa eta Zirkale.

Alta, taldeetako artisten lanarekin batera, ezinbestekoa izan zen bertaratutako jendearen parte hartzea ere. Plaza Nagusiko arkupeetan jarritako musika-tresna bereziekin trebatuz, magia trukuetan partaide bihurtuz edo pailazo zirikatzaileen txantxen jomuga bilakaturik, ederki erantzun zuen publikoak.

Ikusle horiek guztiak Otxandiora gerturatzeak ere garrantzi berezia duela azpimarratu zuen bertakoa den Basterok. «Gure erronka izan da herri txiki batean egitea eta modu honetan demostratu da jendea hurbiltzen dela antzerkiaren bila», adierazi zuen.

«Otxandio Euskal Herriaren erdian dago. Baina bai, atzo (herenegun) zeruari begiratzen genion eta esaten genuen ez zela inor etorriko, gainera Otxandion, hiru mendate, bihurgune gehiegi Gasteizeraino... eta begira», esan zuen. «Honek poza eta ilusioa ematen digu eta erakusten dugu jendeari gustatzen zaiola egiten duguna eta gure alde dagoela».

«Hemen gaude»

Atzokoa jai eguna izan zen denentzat, elkar ezagutzeko parada eman ziena eta euren lana publikoarekin partekatzeko aukera paregabea, baina baita nolabaiteko aldarrikapenerako eguna ere. Izan ere, kaleko arteak sekulako kolpea jaso du krisialdiarekin eta gero eta saio gutxiago antolatzen dira diru falta argudiatuz.

«Krisialdiak denoi eragiten digu, hori badakigu, baina kale antzerkikoontzat izan da txarrena. Besteek takilaren aukera daukate, baina guk kalean egiten dugu lan. Jendeak esaten digu kobratzeko, baina kale antzerkian ezin da. Instituzioei dei egiten diegu, batez ere, bizirik gaudela gogorarazteko», esan zuen Basterok.

«Orokorrean saioak asko jaitsi dira eta guretzat kolpe latza izan da. Ez dago dirurik. Ez da jendea ez dela etortzen edo ez zaiola gustatzen, ez; ez dago dirurik. Eta orain, langabezian bezala gaude. Bizirauteko bestelako lanak egiten hasi gara, barruko gauzak, aterperako, sarrera kobratzeko... Baina gehienok kalekoak gara. Eta kalean, jaialdiez aparte, ez dago ezer», erantsi zuen.

Basterok, esaterako, 30 urte daramatza kale antzerkigintzan; «ez daukat beste lanik», azpimarratu zuen. «Aspaldidanik gabiltza kalean antzezten, euskararen alde, kulturaren alde, herriz herri ibili gara urte piloa eta etorkizunean ea denon artean zer egiten dugun».

Sektore honetako langileek ofizioa errotik moztu dutela ikusten dute. «Normala da, udalek ez dute dirurik momentu honetan eta kultur etxeek ere ez. Eta noski, non moztu? Errazena mozteko kale antzerkia da. `Ez dira kexatuko...', esaten dute. Baina itsasontzi berean gaude denok eta krisia denontzat etorri da. Guk ez dugu esaten garrantzitsuenak garenik, baina hemen gaude eta bizirik gaude». Lehenengo edizio hau bukatuta, hausnarketarako denbora hartu nahi dute baina ziurrenik urtero ospatuko dute Artekale Eguna.

HAMAHIRU TALDE

Hamahiru konpainia izan ziren atzo: Debote Enbote, En la Lona, Gaitzerdi Teatro, Jon Zabal, Hortzmuga Teatroa, Latirili Teatro, Oihulari Klown, Sebastopoleko Titiriteroak, Teatro Salitre, Toni La Sal, Trapu Zaharra, Turukutupa eta Zirkale.

OTXANDIO

Hiri handi batean ospatu ordez, antolatzaileek egun hau Otxandioren tamainako herri txiki batean ospatzeko erronka jarri zioten euren buruari. Erantzuna ikusita, jendea antzerki bila mugitzen dela esan zuten.

DIRURIK EZ

Diru faltarekin lehenengo mozten dena kale antzerkia dela adierazi zuten antolatzaileek. Eskaria badagoela berretsi zuten atzo, ordea, eta ezin daitekeela sektore oso bat errotik moztu.

ARTEKALE ELKARTEA

Euskal Herriko Kale Arteen Elkartea da Artekale. 2006an sortu zen eta bazkideen artean 35 konpainia, zazpi azoka -Leioako Umore Azoka, Arrigorriagako Clown jaialdia, Bilboko Kalealdia, Gasteizko Kalearte...- eta banatzaileak biltzen ditu, besteak beste.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo