FINAL DEL PAREJAS
Ez dakit atzelari batek hobeto jokatzerik duen
Jokin ETXANIZ | Aspeko kirol zuzendaria
Urte askotan aurrelariek eraman dituzte txapela eta lore gehienak, Irujo eta Aimar hor egon direlarik, baita Xalarekin ere; jokoa eurek markatutako erritmoan jokatu izan da, baina Binakako honetan zerbait aldatu dela ematen du, atzelariek eraman izan dute pisua eta finala ere horren adibide izan da. Atzelarien arteko final eta txapelketa batean, nekez jokatu daiteke gaur David Merinok jokatu duena baino gehiago eta horregatik txapelketako izena bera izan dela esan dezakegu, 22 urterekin eta orain dela bederatzi hilabete pasatu zituenak pasatuta, ikaragarria.
Nik uste dut gorriak indartsu hasi direla, partida espero genuen bidetik eramanaz. Laskurain gogor hasi da, ondo gozatuz eta partida eurek nahi zuten bidera eramaten saiatu dira, baina Merinok ere oso ondo ekin dio. Alde horretatik, partidaren hasiera nahikoa berdinduta ikusten zen; tantoak alde batera eta bestera erortzen ziren, bi bikoteetatik inork markagailuan alde handirik hartu ezin zuela ibili dira. Baina pixkanaka-pixkanaka David Merino partidaren aginte-makila hartzen hasi da eta bera nagusitu da. Partidaren erdialdetik aurrera sekulako erakustaldia eman du; ez du apenas pilotarik galdu, kantxa osoa zaindu du, sekulako defentsa egin du, pilotak gozatu, sekulakoak eman... nik ez dakit atzelari batek hobeto jokatzerik baduen. Bueno, Gasteizen ere sekulako partida jokatu zuen eta nik uste dut hortik joan dela partida; Merinok erabaki du.
Finalaren atarian ere nabamentzen genuen, aspaldiko partez, finalak atzera begiratuko zuela, eta partida hortxe erabaki dela iruditzen zait, Merinok izan du txapelaren giltza. Agintzen hasi denean, urdinek tanto batzuen aldea hartu dute eta gorriek, saiatu diren arren, ez dute berriz ere partidan sartzeko biderik ikusi.
Gauzak nola joan diren ikusita, askok esango dute Xalak erremate batzuk gehiago bilatu zitzakeela, ausartago jokatu ahal zuen agian, baina partida aztertuz gero, kontuan izan behar da David Merinok oso aukera gutxi eman dituela eta ez da erraza horrela jokatzea.
Nik uste dut aspaldian ez dela izan horrelako ezkerra duen atzelaririk, eta, gainera, nola koordinatzen duen eskuinarekin ere. Hamarrera pillotakada bat eman eta gero hurrengoa horren goran jartzea sekulakoa da, aurrelarientzat oso atzelari deserosoa da Villar de Torrekoa. Jokoan sartzeko aukera oso gutxi ematen ditu eta ematen dituen gutxi horietan dena egin behar izaten da. Aukera horren gutxirekin jokatzea oso deserosoa da edozeinentzat.
Gorriak berena egiten saiatu dira. beti esan izan da atzelari bati mina egiteko atzera eta ezker paretara pegatuta bota behar zaiola, baina Merinok bikain erantzun du, eta nik uste dut gorriak pixka bat desesperatu egin direla. Merinori nondik eraso bilatu ezinda ibili dira.