«Axio» aizkolari ohiari laguntzeko ekitaldiak Sakanan, bihartik aurrera
GARA | IRUÑEA
Bihartik aurrera hasiko dira, Sakana inguruko herrietan, Jose Ignacio Flores Axio aizkolari ohiari laguntzeko ekitaldiak. Axiok albo esklerosia garatu du azken urteotan, eta gaitzaren tratamendurako dirua lortzeko egingo dira ekintza guztiak.
Altsasun izango da lehen ekintza, Iortia kulturgunean, biharko gaueko hamarretatik aurrera. Erkudengo Ama abesbatzaren emanaldia izango da, eta Itziar eta Erkuden Flores eta Trasteando taldeak ere arituko dira.
Maiatzaren 19an, egun osoko jaia ospatuko da Olaztin. Herriko leku desberdinetan ekitaldi ugari izango dira, eta horietaz gozatzeko aukera izango da 10 euro ordainduta.
Antolatzaileek nabarmendu dute egun horretan egingo den herri bazkarian 1.000 pertsona bildu nahi dituztela, eta hortaz, parte hartzeko deialdia egin zuten, egin beharreko aurreikuspenak egoki egin ahal izateko.