GARA > Idatzia > Euskal Herria

Via T ez dutenei udan bidesaria igotzea proposatu du Gipuzkoako Aldundiak

Aldundiak Batzar Nagusietako alderdiei bidalitako proposamena aurrera aterako balitz, indarrean jarriko litzateke ekaina eta iraila bitartean. Via T txartela ez dutenek 0,50 gehiago ordainduko lukete Zarauzko eta Irungo bidesarietan, eta gainerakoek ohi baino deskontu handiagoak izango lituzkete. Orotara, 1,5 eta 2 milioi euro bitartean bilduko lirateke.

GARA | DONOSTIA

Lurraldeko errepideak finantzatzeko modu egokiena zein den erabaki ahal izateko hausnarketa prozesua abiatu zuen Gipuzkoako Aldundiak. Helburu hori betetzeko xedez, besteak beste, mugikortasun-beharrei eta bide-azpiegiturak ordaintzeko sistemari buruzko talde txostengilea bultzatu zuten Bilduk, Aralarrek eta PPk Batzar Nagusietan, bertan baitago gai honen gaineko eskumena.

Hain zuzen, ekainaren hasierarako ondorioek mahai gainean egon behar dute, hau da, ordurako erabakita egon behar du zein den errepideak finantzatzeko modurik egokiena. Batzar Nagusietan ez dago gehiengoa duen alderdirik, beraz babes handiena jasotzen duen irtenbidea izango da indarrean jarriko dena. Hala ere, gerta daiteke akordiorik ez egotea, eta beraz, sisteman aldaketarik ez egitea.

Aldi berean, Larraitz Ugarte diputatuak zuzentzen duen Mugikortasuneko eta Bide Azpiegituretako departamentuak Bidegiren 900 milioi euroko zorrari aurre nola egingo dion aztertu behar du uneotan. Norabide horretan, hain justu, Aldundiak dagoeneko proposamena luzatu die Batzar Nagusietan ordezkaritza duten alderdi guztiei: Aralar, EAJ, PP eta PSEri. Horren arabera, Zarauzko eta Irungo bidesariak 0,50 euro garestituko lirateke autobidearen ohiko erabiltzaileak ez direnentzat, eta 0,35 euro igoko litzateke prezioa Irungo Bentak, Irun mendebaldea, Oiartzun, Orio eta Zarautz ekialdeko bidesarietan.

Neurria aurrera aterako balitz, ekainaren 15ean hasi eta irailaren 16an amaituko litzateke, beraz, udaran soilik funtzionatuko lukeen neurria izango litzateke. Aldundiko iturriek GARAri atzo nabarmendu ziotenez, Via T txartela duten erabiltzaile gipuzkoarrek ez dute gehiago ordaindu beharko, eta dituzten deskontuak ordura artekoak baino handiagoak izango dira, prezio berri hori izango baita deskontua egiteko erreferentzia. Hala, paseko ibilgailuen zirkulazioari begiratzen dion neurria dela adierazi zuten, eta gaineratu zuten «derrigortuta daudela halakoak aurrera eramatea egoera ekonomikoa orekatu nahi bada eta Aldundiko aurrekontuetan eragina izatea nahi ez bada». Trafikoak iaz behera egin duela ere gogorarazi zuten Aldunditik, eta aurtengo joera, gainera, berbera dela ohartarazi.

Proposamena Bidegiko Administrazio Kontseiluak onartu du dagoeneko, eta orain alderdien iritziaren zain dago. Denek edo gehiengo batek oniritzia emango balu, neurriarekin 1,5 milioi euro eta 2 milioi euroren artean bilduko lituzke Aldundiak -BEZ barne- ekaina eta iraila bitartean.

Informazioa etxeetara

Errepideen eraikuntzan eta ondorengo mantentze lanetan diru kopuru handiak inbertitzen direla kontuan hartuta, eta egun finantziazioa eztabaida gai nagusietakoa dela aintzat hartuta, Aldundiak honen inguruko informazioa eskaintzen duten diptikoak bidaliko ditu gipuzkoarren etxeetara. Larraitz Ugartek eta Joseba Altube Bide Azpiegituretako zuzendariak prentsaurrekoan azaldu zituzten kanpaina berriaren nondik norakoak atzo, Donostian.

Ordezkarien hitzetan, gaur egun bi sistemen bidez finantzatzen dira errepideak: batetik Aldundiaren aurrekontuen bidez, hau da, %100 gipuzkoarren diruarekin; eta bestetik, bidesariekin. Hor, ordea, desorekak agertzen direla ohartarazi zuten (ikus grafikoa). Aldundiaren aurrekontuaren %43,4 gizarte politikara bideratzen da, eta hori murrizteko asmorik ez dagoela adierazi zuten. «Beraz, zaila da aurrekontuen bidez askoz ere finantziazio gehiago lortzea», esan zuten.

Zenbakiekin jarraituz, Ugartek zifra batzuk eskaini zituen, eta esan zuen Gipuzkoan, 1997tik 2.500 milioi euro inbertitu direla errepideak egiteko, baina hauen kontserbazioan inbertitutakoa ez dela proportzio berean handitu. Hori dela-eta, lurraldeak 230 milioiko defizit historikoa du.

Kopuru horiek ikusita aurreratu zuen Aldundiak «tentuz» jokatuko duela aurreko agintariek 730 milioi euroko balioagatik hitzartu zituzten errepideen eraikuntzarekin, besteak beste, Andoaingo eta Irungo saihesbideak, edota Mutriku-Sasiola.

Informazioa eskaintzeaz gain, diptikoak hausnarketa egitera gonbidatzen du, eta halako galderak plazaratzen ditu: «Gipuzkoarrek ez ezik, bertatik pasatzen direnek ere ordaindu behar al dituzte errepideak?».

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo