GARA > Idatzia > Iritzia> Txokotik

Xabier Izaga Kazetaria

«Lehenengo etxekoak»

Esatera ausartu zen. Inork esan ez zuena. Alegia, kalean askok esaten dutena pulpitutik esatera ausartu zen. Hurrengo egunean, prentsaren arabera, zuzendu egin zituen bere adierazpenak. Baina egiaz ez zuen ezer zuzendu, ez zuen-eta ezer zuzendu nahi. Mariano Rajoyk proposatu bezala paperik gabeko immigranteei osasun arreta kentzea txalotu zuenean, «lehenengo etxekoak» esan nahi zuen, eta ez hurrengo egunean kolonbiarrez eta marokoarrez jantzi zuen ipuina. Eta, izan ere, herritar askoren gogoan, Basagoitik nahi zuen moduan, «lehenengo etxekoak» esaldia geratu zen tinkatuta eta, Basagoitiren pozerako, askok pentsatu zuten bazela garaia norbaitek gauzak argi esateko.

Hala ere, askok hala pentsatzen duten arren, Basagoitik ez zuen argi hitz egin «lehenengo etxekoak» esanda. Gezurra da-eta bere alderdiak «etxekoak» lehenesten dituela, ez behintzat «etxeko» askok gogoan dituzten «etxekoak». Madrilgo Gobernuak -eta oraingoak bezala aurrekoak ere- eta gainerako gobernuek argi esan dute: «lehenengo merkatuak», egoera gero eta kaskarragoaren errudunak, hain zuzen. Nolatan ez zitzaion Basagoitiri «lehenengo etxekoak» esatea bururatu bankuei dirua barra-barra eman zietenean (horra hein batean hainbat estaturen defizit itzelaren kausa)? A, bai, finantza sistema pikutara joanez gero, denok joango ginelako harekin. Zeinen barregarria, enpresaburu bati zerga iraultzailea eskatzea xantaia da, eta herritar guztiei egindako estortsioa, berriz, «finantza zurrunbiloak».

Beharbada, immigranteei osasun arreta kenduta diru asko aurreratuko dutela usteko du inork. Basagoitik, ordea, ondo daki ezetz. Eta hala balitz ere, bidegabekeria bera izango litzateke. Aurrezkiak aurrezki, giza eskubideak eta gisako kontzeptuak legedien edergarri hutsa dira.

Bitartean, horrelako bidegabekeriak zuzendu behar lituzkeen Justizia lanpetuegi dabil horrelako bidegabekeriak onartuko ez dituen beste eredu bat proposatzeagatik egunotan Madrilgo Auzitegi Nagusiko aulkian eseri dituenak jazartzen. «Etxekoen» defentsan, jakina.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo