Floren Aoiz www.elomendia.com
Neoliberalismoaren egitarauaren ezkutuko ezarpena
Hainbat erantzun aurreikusi dute, gidoian dago; baina ez indar bilketa eraldatzailea. Hori ezin dute irentsi, eta horixe da, horregatik, bidea
Zorigaitzez, bizi garen egoera gertatu da, dagoeneko, munduko bazter askotan. Buenos Aireseko taxi gidari batek esan zidan duela hilabete batzuk, eta hamaika pertsonek bergauza errepikatu zidaten Argentinan nahiz Uruguain. Filma ikusia zuten, eta ez zen ederra. Neoliberalismoaren uholdeak dena eraman nahi izan zuen leku horietan duela hamar urte inguru. Triskantza izugarria izan zen, zauria gogotik markatua delarik gogo komunean. Asko dira kalera atera zirenak, haserre, erasoei aurre egiteko. Erredura horiek aldaketa haize bilakatu ziren denborarekin, eta gaur egun, bestelakoa da bazter horietako errealitatea.
Repsol YPFren auzian gertatutakoak erakutsi digu batzuk ez daudela espainiar ekonomiaren zuloa estaltzeko prest. Beste garai batzuetan, hara pasako zuten espainiar agintariek fakturaren zama, azkenengo 500 urteetan egin duten moduan, lapurretari esker, aurrera jarraitzeko. Orain, berriz, ez da hain erraza. Argentina eta Uruguaiko gobernuak ez dira XXI. mendeko sobietak, argi dago, baina ez dira, zorionez, lehengo morroi artaldeak.
Finean, argi esan dezagun, krisialdia aitzakia erraldoia da neoliberalek aspaldi egin nahi zutena errazago irentsarazteko. Ederki ikasi dute batzuek, ikasgaia larrutik ordaindu dutelarik. Pribatizazioak, zerbitzuen deuseztapena, opariak bankuei, estatuaren tresneria errepresiboaren indartzea, joera kolektiboen kontrako eraso orokorra... hauxe da eskuinaren egitaraua, beti egin nahi izan dutena. Orain, beraiek ekarri duten krisialdiari esker, inposatu nahi digutena.
Argentinan, Uruguain, Venezuelan... eta gertuago, Islandian, esaterako, krisialdiak haserrearen sua piztu eta alternatibak eraikitzen lagundu du. Krisialdia, nolabait esateko, sortu eta erabili nahi zutenen kontra joan da, herritarrek gainera erortzen ari zitzaiena itzularazi dutelako.
Ez dago egoera guzietarako balio duen manualik, baina herri batzuen ibilbideak ikasgai ederrak eskaintzen dizkigu. Hasteko, argiki identifikatu behar da erasoa, lau haizetara hedatuz murrizketak, eta oro har, inposatzen dituzten neurriak ez direla krisialdiari aurre egiteko urratsak, eskuinaren betiko programa baizik. Errotik baztertu behar da erreforma horien logika, kaosa ekarri duen neoliberalismoaren bertsio gogorrenaren ikur baitira. Eta honekin, batera, erasoari aurre egiteko indar bilketari eutsi behar zaio, sakoneko kritikaz batera alternatiba egingarriak eraiki eta atxikimenak biltzeko gai den estrategia gorpuztuz. Finean, erronka ez da munduko protesta handi edo ozenenak egitea, alternatiba gauzatzea baizik.
Eskuinaren egitaraua ezartzeko estrategia hau pentsatu dutenek badakite erantzunak jasoko dituztela. Sua piztu dutela. Baina kea besterik etor ez dadin nahiko lukete. Kearen ondotik etsipena, zapuzketa, itxaropenaren galera nagusi dadin. Alternatibaren gauzapena ez dago beraien agendan. Hainbat erantzun aurreikusi dute, gidoian dago; baina ez indar bilketa eraldatzailea. Hori ezin dute irentsi, eta horixe da, horregatik, bidea.