Atentatua Dagestanen, Putin presidente izendatu baino hiru egun lehenago
Vladimir Putin presidente izendatu baino hiru egun lehenago, atentatu bikoitz batek hamahiru lagun hil zituen Dagestaneko hiriburuan. Auto bonba bat zartarazi zuten Poliziaren kontrol gune baten parean. Polizia eta suhiltzaileak bertaratzean izan zen bigarren leherketa.
GARA | MOSKU
Atentatu batek 13 pertsona hil zituen atzo Dagestaneko hiriburuan, Makhatxkalan. Hildakoen kopurua handitu zitekeela ere ohartarazi zuten mediku iturriek, zaurituak 120tik gora izan baitziren, eta horietako batzuk egoera oso larrian zeuden.
Atentatu bikoitza izan zen: lehenik, auto bonba batek egin zuen eztanda Poliziaren kontrol gune baten aurrean, hiriburuaren kanpoaldean, ostegun gauean, 22.30ean. Polizia, suhiltzaileak eta larrieldietako zerbitzuak bertara iritsi zirenean, bigarren ibilgailuak egin zuen eztanda, ordu laurdeneko tartean.
«Gorputz zatiak hortik zehar barreiatuta gelditu dira», adierazi zuen segurtasun indarretako kide batek. Hildako gehienak poliziak eta larrialdietako zerbitzuetako langileak ziren.
Dagestaneko Barne ministroak, Abdourachid Magomedovek, esan zuenez, erasotzaileak bi kamikaze izan zitezkeen, «ziur aski emakume bat eta gizon bat».
Azaldu zuenez, Lada Priora markako autoa polizia kontrolera gerturatu zen eta bertan eztanda egin zuen. 50 kilo lehergailu omen zituen.
Lehen lehergailu horren helburua polizia erakartzea omen zen. Hala, bertaratu zirenean, ehun bat kilo lehergailu zituen tamaina txikiko kamioi bat zartarazi zuten. Leherketak 30 hazbeteko zuloa eragin zuen lurrean, Magomedovek argitu zuenez. Ibilgailuetako baten motorra leherketa gertatu zen lekutik 200 metrora aurkitu zuten. Kalteak nabarmenak izan ziren. Poliziaren kontrolgunea txikituta gelditu zen, baita inguruko denda bat ere, eta aparkatutako hogei auto. Gas hodi batek ere kalteak izan zituen.
Dena den, Errusiako Gobernu federalak ez zuen gertatutakoa baieztatu.
Dimitry Medvedev presidente errusiarrak «biktimen senideei behar duten laguntza guztia emateko» eskatu zien Dagestaneko agintariei. Errusian Ameriketako Estatu Batuek duten enbaxadak gogor deitoratu zituen erasoak, Interfax albiste agentziak zabaldutakoaren arabera.
Terrorismoaren Kontrako Batzordeak plazaratu zuenez, bi atentatu horiek «agerian uzten dute Txetxeniako terrorismoaren benetako aurpegia».
Martxoaren 6an, bost polizia hil ziren Dagestaneko Karabudakhkent herrian, komisaria baten kontrako atentatuan. Eraso hori gertatu baino bi egun lehenago, Vladimir Putinek hauteskundeak irabazi zituen.
Datorren astelehenean, presidente izendatuko dute hirugarren aldiz. Putinek Txetxeniaren kontrako bigarren gerratea zuzendu zuen 1999an Moskun eta Dagestanen egin ziren ekintza armatuei erantzunez. Hamar urte beranduago, «bukatutzat» eman zuen gerratea. «Arrakastatsua» izan zela nabarmendu zuen orduan.
Geroztik, ordea, ia egunero gertatu dira islamistei leporatutako atentatuak Kaukasoko iparraldean. Lehen hiruhilekoan 193 pertsona hil dira.
Txetxeniako bi gerrateen ostean, islamistek indarra hartu dute Kaukasoko iparraldean, bereziki Dagestanen, eta ia egunero atentatuak eta tiroketak daude bertan. Estatu islamista bat sortzea dute helburu.