EUSKARAREN GUTXIENEKOAK ZEHAZTEKO ADIERAZPENA
Kontseiluak eskatu du euskarari dagokion tokia emateko aro berrian
Euskara euskal herritarron ezaugarri nabarmenetako bat dela iritzita, eta gaur egun Euskal Herriak bizi duen garaia aintzat hartuta, Kontseiluak gure hizkuntzari agenda horretan behar duen tokia emateko eskatu zuen atzo Donostian. Eraikitzen ari den agertokian euskalgintzak zeresana baduela ere aldarrikatu zuen, eta eskumena dutenekin batera, gutxiagotze prozesua iraultzeko konpromisoa erakutsi zuen.
Oihane LARRETXEA | DONOSTIA
Itxaropentsu baina kezka handiz bizi du Kontseiluak Euskal Herrian zabaldu den aro berria. Bere aburuz, azken hilabeteetan ezaugarri anitz dituen gatazkaren amaierarako urratsak egin diren arren, euskara agendetan behar bezala txertatuta ez dagoela uste du erakundeak, eta hala adierazi zuen atzo Paul Bilbao Kontseiluko idazkari nagusiak atzo, Donostian egindako agerraldian.
Politikari, eragile kultural eta sozialen aurrean esan zuen esperantzak soilik ez dituela benetako ondorioak ekarriko euskararen normalizazioan. Finean, nahi izatea edo helburua desiratzea nahikoa ez dela ohartarazi zuen. Normalizazio prozesua emankorra izan dadin, eta lehenago baino beranduago euskarak merezi eta behar duen lekua eskuratu dezan, Kontseiluak bi jardunbide nagusi lantzen dituela erantsi zuen. Batetik, euskalgintzako kohesioa bultzatzea eta indarrak artikulatzea, eta bestetik, indar ekonomikoak, gizarte-eragileak eta indar politikoak inplikatzea.
Azken horiek inplikatzeak esan nahi du, besteak beste, bakoitzak dagokion eskumenetatik ahalegina egin behar duela norabide horretan. «Ezer gutxi ari dira jasotzen euskararen gutxienekoez. Euskalgintzak badu zer ekarri arlo horretan; izan ere, euskalgintzak gaur egungo egoerak euskararen normalizazioari ezartzen dizkion mugen kontzientzia duen neurrian, eztabaida orokorretan ekarpena egiteko eskubidea eta beharra du». Kontseiluak beraz, bere lekua aldarrikatu zuen.
Adi entzun zituzten hitzok, besteak beste, Martin Garitano Gipuzkoako ahaldun nagusiak, Juan Karlos Izagirre Donostiako alkateak, Ikerne Badiola Gipuzkoako Kultura eta Kiroletako diputatuak, Pello Urizarrek, Bakartxo Ruizek edota Rebeka Uberak. Kultura arlotik bertaratu ziren, besteak beste, Maialen Lujanbio eta Xabier Amuriza bertsolariak, edota Joxe Agustin Arrieta idazlea.
Arestian aipatu bezala, itxaropenarekin nahikoa ez den bezala, gatazkaren konponbideak berak bere kabuz ez du gure hizkuntzaren berreskurapen osoa ekarriko, baina gatazkaren konponbidean hizkuntzari zentraltasuna edo erreferentzialtasuna emateak ondorio onuragarriak baino ez dituela ekarriko ohartarazi zuen Bilbaok. Lanean jartzera deitu zituen bertan ziren guztiak.
Oinarrizko baldintzak
Argudio horiekin guztiekin, Kontseiluak finkatu ditu halabeharrez bete behar diren oinarrizko bi baldintza, baina aurrenik, gaur egungo gutxiagotze prozesua amaitu eta eskema iraultzea eskatu zuen.
Lehenik eta behin, kanpoko esku-hartzerik gabeko hizkuntza politikarako eskubidea bermatu beharra dago, eta, ondoren, estatus egokia eman, zeren eta «gure herriaren normalizaziora iristeko bake-bidean, aterabide demokratikoaren zutabeak zehazterakoan, gure hizkuntzak estatus juridikoa beharko du izan».
Estatusak gainera, «berezkoa, ofiziala eta lehentasunezkoa» izan behar du, azken hau, egoera gutxiagotuan dauden hizkuntza orok izan behar duen ezaugarria dela uste baitute.
Ezagutza unibertsalizatzea, estatusaren barruan kokatu zuen azken baldintza da, Kontseiluak nahitaezkoa deritzona, horrek bermatuko lukeelako «herritarren arteko bizikidetza eta euskaraz bizitzeko hautua egiten duten herritarren nahia».
Erakundeak bere konpromiso irmoa agertu zuen beste agertoki hori eskuratzeko, zehazki, «elkarrizketan, giza-eskubideetan zein bizikidetzan oinarritutako» agertokia eskuratzeko. Oraingo aukera, aukera «ona» dela erantsi zuen Bilbaok, baina «ona» izateaz gain, «benetakoa» izatea nahi du Kontseiluak. Etxeko lanak esku artean dituztela esanez amaitu zen ate berria zabaldu nahi duen ekitaldia.