GARA > Idatzia > Euskal Herria

Ipar Euskal Herriko hautesleek ere adi-adi segituko dute igandeko emaitza

Azken egunotan Errepublikako presidentea hautatzeko kanpaina biziki animatu da, baita Ipar Euskal Herrian ere. François Hollanderen aldeko deialdiak biderkatu egin dira. Horietako batzuk, batez ere hainbat hautetsi abertzalek egindakoak, harridura sortu dute UMPn.

Arantxa MANTEROLA | BAIONA

Lehen itzulian ez bezala, bistakoa da presidentetzarako hauteskundeen azken txanpak Lapurdin, Nafarroa Beherean eta Zuberoan ere giro politikoa harrotu duela. Izan ere, datorren igandeko hitzordua hurbiltzen ari den heinean, bai Nicolas Sarkozy hautagaiaren aldekoek bai François Hollanderenek, ahaleginak biderkatu dituzte hautesleen boza -eta bereziki joan den apirilaren 29an gainerako hautagaien alde egin zutenena- eskuratzeko.

Francois Bayrou zentristak Hollande bozkatuko duela iragarri izanak ustekabean hartu ditu asko eta asko, batez ere Pirinio Atlantikoetan, MoDemek indar handienetakoa duen Departamenduan, alegia.

Ikusi besterik ez dago, alderdi bereko Jean-Jacques Lasserre senatariak eta Jean Lassalle diputatuak espresuki PSko hautagaiari ez diotela bozik emanen esanez ordu batzuk lehenago egindako adierazpenak. Michel Veunac MoDemeko idazkari orokorrak ez du bere jarrera azaldu nahi izan.

Halere, zentroko indar politikotik hurbil dauden hautetsi batzuek ere Hollanderen alde bozkatuko dutela iragarri dute, esaterako, Françoise Mimiague eta Virginie Lannevere Biarrizko udal-kontseilariak.

Ustekabeak

Ustekabeak, halere, ez dira bakarrik zentristen aldean jazo. Zenbait hautetsi abertzalek Hollanderen aldeko boza eskatu izanak harridura sortu du UMPn.

PSko hautagaia bozkatzera dei egin dute, besteak beste, Jakes Abeberri, Mixel Pouyets, Maialen Etxeberri eta Peio Claverie Biarrizko zinegotziak, Hiriburuko kontseilari nagusi Alain Iriartek eta Baigorri-Garaziko herri elkargoko buru Jean-Michel Galantek.

UMP-Gazteen bozeramaile Nicolas Fotouhi «txundituta» geratu da deialdi horiekin, eta gogorarazi du martxoaren 1ean Ipar Euskal Herrira egin zuen bisitan, Sarkozyk argi utzi zuela ez dagoela lurraldetasunaren kontra, ezta presoak hurbiltzearen aurka ere. Alta, sozialistek «irizpide bikoitzak» dituztela gaineratu du, PSko arduradun Pierre Cherete aste honetan pays egitura bere horretan uztearen alde azaldu zela nabarmenduta.

Estatuan bezala, giroa, beraz, bero da Ipar Euskal Herrian ere. Lehen itzulian Hollandek irabazi zuen, baina alde urriarekin: bozen %28,0 jaso zuen; Sarkozyk, aldiz, %27,20. Batik bat Bayrouk eskuratutako %13,92 eta Marine Le Penek bereganatutako %11,19 nola banatuko diren so dira orain guztiak. Jean-Luc Melenchonen (FG) %11,61 eta ezkerreko gainerako %6 horietatik gehiengoak Hollanderengana jo beharko lukete.

AGUR POTE0A

Kanpaina amaitzeko, Bizi! kolektiboak UMPko hautagai Nicolas Sarkozyri agur esateko poteoa antolatu du, Baiona Ttipian. Patxokin finkatu dute hitzordua arratsaldeko seietan.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo