GARA > Idatzia > Kirolak> Pilota

Buruz buruko txapelketa

Etxekalte aritu beharra

Bigarren mailako txapela elkarrekin jantzi zuten Olaetxea eta Albisu elkarren aurka arituko dira Tolosan.

p048_f01.jpg

Jon ORMAZABAL

Biek ere Buruz Buruko txapelketa honetan sekulako ilusioa jarri duten arren, etxekalte aritzera irtengo dira gaur Beotibarreko kantxara bai Jon Ander Albisu eta bai Mikel Olaetxea. Izan ere, elkarren lagun handiak dira Ataungoa eta Lizartzakoa, hamaika ordu eman dituzte elkarrekin entrenatzen gaur elkarren arteko lehiaren agertoki izango den pilotalekuan; eta orain urtebete pasatxo, Beotibarren bertan, elkarrekin jantzi zuten Promozio mailako binakako txapela. Elkarren ondoan eserita ikusi zuten zozketak, ordea, bataren garaipenak bestearen kaleratzea ekarriko zuela agindu zuen, eta gaur bietariko nork egingo duen aurrera erabakiko dute.

Pentsa nola datozen gauzak, iazko bigarren mailako buruz burukoak ireki zizkiola Olaetxeari aurten lehen mailako txapelketan parte hartzeko ateak, eta Merino I.aren aurkako finala prestatzeko, Jon Ander Albisu izan zuen sparring lizartzarrak.

Gaur arratsaldean, ordea, takoak jantzita dituztela behintzat, elkarren aurka aritu beharko dute bi gipuzkoarrek, nahikoa orekatua ematen duen lehian. Pronostikoek, dena den, atzelariaren alde egiten dute apur bat. Alde batetik, esperientzia apur bat gehiago badu lehiaketa honetan; iaz esaterako David Merinok 22-21 irabazi baitzion Ezkarain. Gainera, joko une onean dagoela erakutsi zuen amaitu berri den Binakako Txapelketa Nagusian. Eskuek ondo erantzun diote, jo izugarria dauka, batez ere eskuinez eta boleaz bikain moldatzen da goierritarra.

Olaetxea, osatuta

2011 urte borobila izan zen Mikel Olaetxearentzat; bigarren mailako binakako eta buruz buruko txapelak jantzi ostean, udan estelarrak jokatzera ere iritsi zen, maila oso politean gainera. Aurten, ordea, zorteak iskin egin diola ematen du.

Lehen mailako kaiolakoan parte hartzeko aukera izan zuen, baina bertan eskuko mina izan zuen, eta ordutik burua altxatu ezinda ibili da lizartzarra zenbait hilabeteetan zehar. Azkenaldian, ordea, badirudi bere erremintak osatu dituela, baina ez dugu bera jokatzen ikusteko aukera handirik izan, binakako txapelketatik kanpoko jaialdi gutxi izan baita.

Gaur izango du horren urruna ere ez den maila hura berreskuratzen hasteko aukera polita eta jakin badaki, garaipenerako aukerak izan ahal izateko Jon Ander Albisu kantxan mugiaraztea eta erremateetan asmatzea behar-beharrezkoak izango dituela. Ostantzean, ataundarraren kolpearen eta indarraren aurrean, gutxi izango du egiteko.

Promozioa

Promozio txapelketako final-laurdenetako kanporaketak «Fronton» saioan zozketatuko dira gaur arratsaldean, zuzenean. Asegarcetik Lemuno, Ibai Zabala, Rico IV.a, Untoria eta Mendizabal II.a eta Aspetik Mendizabal III.a, Jaunarena, Olazabal, Zabaleta, Gorka eta Ezkurdia arituko dira.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo