Aukera berria denontzat, baita euskararentzat ere
Kontseiluak, euskararen garapen osoa helburu dutenen bilgune legez, abertzale eta euskaltzale ugari batu zituen agerraldia eman du Donostian. Bertan, euskararen gutxienekoak zehazteko adierazpena eta aro politiko berrian euskararentzat bermatu beharreko oinarriak aurkeztu ditu. Aukera berri bat, abiapuntu berria, joko zelai berria, orube berria... hitzak errepikakor aipatu ziren, eta hala, aukera aprobetxatzeko eta eskapatzen ez uzteko, egiazki aukera ona eta benetakoa izango bada eta arrastoa utziko badu, bi oinarri nabarmentzen ditu: kanpoko esku-hartzerik gabeko hizkuntza politikarako eskubidea; eta euskara berezkoa, ofiziala, lehentasunezkoa eta ezagutu beharreko egingo duen estatus egokia. Zalantzarik gabe, euskarak biak ala biak ditu ezinbesteko. Horretarako, nork berean arituz denok batera jo behar da, euskalgintzaren mundutik harago doan elkarkidetza berri eta oparo baten konpaktazioaren eskutik.
Besterik da, ordea, denon artean asmatzen ari den bide berrian, azken emaitza idazteke eta idazteko duen egitasmo sozial erraldoi honetan, euskalgintzaren eskakizun eta agenda, beti-beti eta beteki, bere egin eta horren arabera bideratu nahi izatea. Erro historiko eta adierazpide armatua duen gatazka ongi eta zornerik gabe itxi beharra dago etorkizun berriaren atea herri gogoaren indarrez ireki ahal izateko. Hori da gakoa. Baita euskararentzat ere.