EAEko emakumeen %12,5ek indarkeria matxista jasan du
Lakuak egindako azterketak EAEn indarkeria matxistaren egungo egoera aztertu du. Etorkizunean baliagarri izango delakoan, «mikromatxismoak» aztertu ditu gehienbat lanak. Alegia, biolentzia matxistaren lehenengo zantzutzat har daitezkeen jokabideetan oinarritu dira, esaterako, emakumeek bikotearen aldetik jasaten duten kontrola edo isolamendua.
Jon ADAN | BILBO
EAEko emakumeen %12,5ek onartu dute bizitzan noizbait jasan izan dutela eraso matxistarik, baina horietatik %75ek ez dute inoiz salatu. Bestalde, %29,6k adierazi dute «mikromatxismoa» jasan dutela, esaterako, kontrola edota isolamendua; eta hain zuzen, tratu txar horiek leunagoak diren arren, identifikatzeko zailak izaten dira, eta emakumearen aurkako indarkeriaren lehen seinaleak izan ohi dira kasu askotan.
Horiek dira Lakuako Genero-indarkeriaren Biktimei Laguntzeko Zuzendaritzak egin duen «Indarkeria matxista emakumeen aurka EAEn: pertzepzioa, eragina eta segurtasuna» izeneko azterketaren emaitza batzuk. Azterketa egiteko 16 urtetik gorako herritarren artean 2.600 inkesta egin dituzte, eta horietatik 1.340 izan dira emakumeak.
Zuuzendaritzako arduradunak, Mariola Serranok, atzo aurkeztu zituen Bilbon azterketaren emaitza nagusiak. Bere hitzetan, azterketa horrekin, salaketa kopuru eta estatistiketatik haratago joan nahi izan dute, eta emakumeen aurkako indarkerian egun dauden datuak sakonetik landu nahi izan dituzte; gero, ahal den neurrian, biolentzia matxista ekiditeko. Horretarako, «mikromatxismoak» aztertu dituzte; alegia, indarkeria matxistaren lehenengo zantzuak adierazten dituzten jokabideak, kontrola edo isolamendua esaterako.
Txostenean bildutako datuen arabera, inkestatutakoen %9k dute beren inguruan genero indarkeriaren biktima izandako emakumeren bat, eta beste %1,2k horren susmoa du. Are gehiago, inkestatutako emakumeen artean, %12,5ek aitortu dute genero indarkeria euren azalean jasan dutela noizbait: %7,5ak bere bikoteak edo bikote ohiak eraginda, % 1,79ak sendiko beste kideren batek eraginda, %1,4ak lan munduan jasan du eta %2,7ak aldiz eremu sozialean. Azkenik, egun indarkeria matxista jasaten duela ere aitortu zuten emakumeen %2k, gehienak (%1,19) bikoteak edo bikote ohiak eraginda.
Bestalde, kasuen %78k biolentzia psikologikoarekin zerikusia dute. Biktimen %30,8ek aitortu dute hamar urte baino gehiago daramatela tratu txarrak jasaten, eta portzentaje berbera azaldu da urtebetetik eta bost urtetik gorako tratu txarrei dagokienez. %23,1ek, aldiz, urtebete baino gutxiago daramate tratu txarrak jasaten. Bestalde, inkestatutako biktimen %75ek erantzun dute ez dutela salaketarik jarri, eta %17,2k soilik baliabide berezietara jo dutela.
«Mikromatxismoa» neurtzen
Azterketa emakumeek jasaten duten «mikromatxismoa» neurtzen ere saiatu da; hala nola, emakumea izateagatik soilik jasaten duten kontrola, isolamendu, mehatxu zein mespretxua. Amparo Lopez zuzendariak ohartarazi zuenez, «nahiz eta adierazle horiek askotan oharkabean geratzen diren, indarkeria matxistaren lehenengo seinaleak dira».
Txostenak dioenez, emakumeen %29,6k halako egoerak bizi izan dituzte (%8,5ek bikote edo bikote ohiak eraginda, %6,1ek senideek eraginda, %11,1k lanean, eta %19,9k gizarte esparruan).
Gisa horretako indarkeriak 30 urtetik beherako emakumeetan du prebalentzia handiena, eta maizenik gertatzen diren egoerak honakoak dira, bikoteak eragindakoetan: beste pertsonen aurrean mespretxuak eta irainak. Horiez gain, ohikoak dira senide zein lagunekin elkartzea galaraztea, edota ordutegiak zein telefonoa kontrolatzea.
Espazio publikoan egindako erasoetan, ohikoenak dira sexu exhibizionismoa, jazarpenak edo ukitzeak, kaletik atzetik segitzea edota Interneten mezu pornografikoak bidaltzea.
Lakuak jakinarazi zuenez, Ertzaintzak 19 urteko mutila atxilotu zuten atzo Gasteizen. Iazko uztailean, adin txikiko neska bati laban batekin mehatxu egin, eta diru-zorroa lapurtu izana egotzi diote.