Aizkora Urrezko lehiaketa
Finalerdiak jokatzeko lehen txartelak banatuko dira
Juanjo Lopez, Donato Larretxea eta Ugaitz Mugertza neurtuko dira bihar eguerdian Ataunen.
Jon LEUNDA
Juanjo Lopez, egungo txapelduna, bihar sartuko da Urrezko Aizkoran. Ataungo San Gregorioko pilotalekuan izango da jaialdia 12.30ean hasita. Lezaungo txapeldunarekin batera, Donato Larretxea eta Ugaitz Mugertza lehiatuko dira.
Aizkolari bakoitzak bost lan egin beharko ditu, eta denetako denborak batu eta onena duenak lortuko du garaipena. Lehenengoarekin batera, bigarrenak ere finalerdiak jokatzeko txartela eskuratuko du.
Leku berean 19 urtez azpiko kanporaketa ere jokatuko da, eta Eneko Otaño, egungo txapelduna, Vicente II.a eta Larrea III.a neurtuko dira. Saio hau ere ikusgarria izango da.
Sokatiran, berriz, Nafarroako Lauko Txapelketa jarriko da gaur abian Iruñeko Alde Zaharrean, Burgoren plazan, 17.30ean. Mutilak neurtuko dira gaur 320 kilokoan, eta Basaburua-Imotz, Kaskalueta, Berriozar, Amaiur, AST eta Ibardin arituko dira lanean. Pisu honetan bi jardunaldiko ligaxka jokatuko da, eta bietako saioak jokatu ostean punturik gehien batzen dituen taldeak lortuko du mailako txapela. Bigarren jardunaldia maiatzaren 13an Etxarri Aranatzen jokatuko da. Gaur kadete mailan ere arituko dira taldeak, eta 290 kilokoak izango dira lehian jardungo direnak.
Harri-jasotzea
Partaidetza handia izango da bihar Adunan jokatuko den Gorostidi Harria Txapelketan. Torneo honetan, gainera, bi lehiaketa ezberdin egingo dira, eta biak 160 kiloko zilindro zaharrarekin izango dira. Ekinaldia bihar arratsaldean jokatuko da herriko pilotalekuan, 18.00etan hasita. Alde batetik, eta hori izango da torneo nagusia, bi eskuekin jaso beharko dute aipaturiko harria bost minutuko txanda bakar batean. Bertan, Joseba Ostolatza, Josetxo Urrutia, Landarbide, Iban Ugartemendia, Aimar Irigoien, Unai Belioso, Unai Lertxundi, Aimar Galarraga, Telleria II.a, Izeta III.a, Urpe eta Jokin Eizmendi arituko dira lanean jo eta su.
Aimar Irigoien eta Joseba Ostolatza izango dira garaipena erdiesteko bi faboritoak. Errezildarra ongi baldin badago, oso zaila izango da berari aurre egitea, baina norbaitek egitekotan, zestoarrak egingo dio aurre, eta biek duten guztia eskaintzen baldin badute, lehia ederra izango da. Hortik atzerako postuetarako ere saio oso estuak espero dira. Txapeldunak 500 euro eta oroigarria eramango ditu. Saria jaso ahal izateko, gutxienez hiru jasoaldi eman beharko dizkio aipaturiko zilindro zaharrari.
Ondorengo lehiaketan, harri bera esku batekin jaso beharko dute, horrelaxe egin baitzuen errekorra Iñaki Gorostidik. Nahi duenak parte hartu ahal izango du, eta garaipena lortzen duenak 300 euro eta oroigarria jasoko ditu. Hori bai, hemen ere saria jaso nahi duenak, gutxienez jasoaldi bat eman beharko lioke 160 kiloko harriari. Bakoitzak bost minutuko txanda bakar bat izango du lanerako.
Bi aukera horiez gain, hirugarren bat ere egongo da: 185 kiloko zilindro zaharra esku bakar batez jasotzen duenarentzat ere sari berezi bat egongo da. Harri horrekin ere marka jarria dauka Iñaki Gorostidi adunarrak eta han egongo da plazan jarrita, norbaitek heldu eta jaso nahi baldin badu.