Putin Kremlinera iritsi da hirugarren aldiz protesten artean
Vladimir Putin Errusiako presidente izendatu zuten atzo hirugarren aldiz, zortzi urtez presidente eta beste lau urtez lehen ministroa izan ostean. Bere hitzetan, datozen urteak «erabakigarriak» izango dira garapena eta etorkizuna bermatzeko. «Fase berri batean sartu gara», esan zuen 3.000 bat gonbidaturen aurrean -horien artean, Eliza Ortodoxoaren burua, Mikhail Gorbatxov eta Silvio Berlusconi-. «Errusia eraikin sendoa izatea nahiko nuke», nabarmendu zuen.
GARA | MOSKU
Vladimir Putin Kremlinen da berriro. Martxoan eginiko hauteskundeak botoen %64rekin irabazi ostean, atzo izendatu zuten presidente Kremlineko San Jorge aretoan ospaturiko luxuzko zeremonia batean. 3.000 bat pertsonak esku hartu zuten, horien artean, Eliza Ortodoxoaren buru Kirill, Berk Kazar errabino handia, Italiako lehen ministro ohi Silvio Berlusconi eta Sobietar Batasuneko presidente ohi Mikhail Gorbatxov.
Lehenengo, gala-uniformez jantzitako soldaduak sartu ziren Errusiako bandera zeramatela. Alfonbra gorria zapaldu ondoren, karguaren zina egin zuen txalo artean. «Gaur -atzo- fase berri batean sartu gara Errusiaren garapenari dagokionez. Datozen urteak Errusiaren etorkizunerako erabakigarriak izango dira», nabarmendu zuen. «Karguak duen ardura ulertzen dut. Bizitza osoan aberriaren eta herriaren mesedetan lan egin dut. Herriak gidatu nau eta eta erabaki zailenak eta korapilatsuenak hartzen lagundu dit», helarazi zuen. Azken hamabi urteon buruan, Errusiak aurrera egiteko behar duen guztia duela gaineratu zuen; hain zuzen ere, «Estatu eraginkorra, oinarri sozio-ekonomiko sendoa, gizarte zibil aktibo eta arduratsua», esan zuen.
Putinek Dmitri Medvedev, jada presidente ohia, proposatu zuen lehen ministro izateko. Diputatuen Ganberak gaur bere izendapena onartuko balu, boterean jarraituko lukete biek, azken urteetan egin duten bezala.
«Medvedeven agintaldiak modernizazioari bultzada handia eman zion eguneroko bizitzaren atal guztietan. Herrialde demokratiko batean bizi gara eta hala izaten jarraitzea nahi dugu. Norberak bere lanbidea eta talentua askatasunez bizitzea nahi dugu», adierazi zuen.
Oraingo honetan, Putinen agintaldia sei urtekoa izango da, Konstituzioa horretarako apropos aldatu eta gero. Bere asmoa boterean 2024ra arte egotea da. Oraingoz, hamabi urte daramatza, zortzi presidente gisa (2000tik 2008ra) eta lau, lehen ministro karguan.
Izatez jurista, KGB espioitza zerbitzuetan lanean hasi zen 23 urterekin. 1985ean Ekialdeko Alemaniara bidali zuten espioi lanetara. Bost urte eman zituen bertan. 1991ko abuztuan, Gorbatxoven kontrako estatu kolpearen erdian, KGB utzi zuen. Sobietar Batasuna deseginda eta 1996an Anatoli Sobtxak alkateak porrot eginda, Putinek Moskura salto egin zuen San Petersburgoko alkateordetza utzita. 1998ko uztailean, Boris Jeltsinek FSBko (KGB ohia) buru izendatu zuen. 1999eko martxoan Segurtasun Kontseiluko idazkaritza bere gain hartu zuen eta urte bereko abuztuaren 9an lehen ministro izendatu zuten. Urrian, Txetxenia inbaditu zuen, independentzia aldarrikatzen zuten talde txetxeniarrei hainbat atentatu leporatu ostean. Horrek bere arrakasta areagotu zuen. 2000ko martxoaren 26an, presidente hautatu zuten botoen %52,94 eskuratuta. Geroztik, boterea sendotu besterik ez du egin.
Inbestidura-ekitaldia ospatzen ari zen bitartean, Poliziak 120 pertsona atxilotu zituen, Moskuko plaza batean Putinen izendapenaren kontra elkarretaratzea egiten ari zirela. Barne Ministerioak atxilotu guztiak, Boris Nemtsov izan ezik, aske utziko zituela esan zuen.
Lankidetza, batez ere misilen kontrako defentsan, mantentzeko eta areagotzeko gonbidapena egin zion NATOk Putini. Misilen aferak tirabirak eragin ditu NATOren eta Moskuren artean, azken honek ez baitu NATOren ezkutua onartzen.