Manu Ugartemendia, Nagore Garcia, Jon Garay, Amaia Esnal | Herrira
Osagai zaharrak dituen plan berria
Beren artikuluan, Madrilgo Gobernuak oraindik orain aurkeztu duen «birgizarteratze plana» dute hizpide egileek. Diotenez, Gobernu horrek bere burua mugitzeko premiatik abiatutako plana da, baina egoerak eskatzen duen arduraz erantzun beharrean, gabezia nabarmenak dituela iritzi eta haren errotiko kontraesanak nabarmentzen dituzte.
Espainiako Gobernuak euskal preso politikoei zuzenduriko «banakako birgizarteratze plana» aurkeztu zuen orain gutxi. Posizioak ezartzen dituen lehen erreakzio sortaz harago, plan honen inguruko balorazioa osotasunean eskaini nahi du Herrirak.
Euskal preso politikoen eskubideen aldeko inplikazio zabalak eta mobilizazio jendetsuek mugitzeko beharra sortu dute Gobernuarengan. Horrek eragile eta herritar asko jorratzen ari diren bidearen garrantzia erakusten du, Gobernuaren jarrera geldia eutsiezina izatera eraman baitu.
Gobernua mugitzeko premian aurkitu da, baina gabezia nabarmenak dituen plana aurkeztu du, eta ez dio egoerak eskatzen duen seriotasun eta ardurarekin heldu preso politikoen aferari. Izan ere, ez die herritar gehienen eskariari eta bake prozesuaren premiei behar bezalako erantzunik ematen. Hortaz, esan genezake Gobernua mugitu egin dela, baina zinez, pauso sendorik ez duela eman.
Gertakizun inportanteek egoera berri bat osatu dute Euskal Herrian. Denek onartu dute hau, modu batera edo bestera. Aieteko Bake Konferentziak, ETAk bere jarduera betiko utzi izanak inoiz ezagutu gabeko aukera ireki dute.
Egoera berriak begi asko Espainiar Gobernuarengan jarri ditu, bake prozesuan inplikatu eta bere esku dauden pausoak eman ditzan. Pauso horiek Gobernuak oraindik mantentzen dituen politika urratzaile eta zaharkituen amaieran kokatu dira, nagusiki euskal preso politikoen aurkako muturreko neurriak bukatzeko: dispertsioa, bizi osorako zigorra, gaixo direnak askatzea... Eskakizun zabal honek isla historikoa izan zuen urtarrilaren 7an Bilbon, 110.000 pertsona bildu zituen manifestazioan.
Hilabete guztiotan, gehiengoak aldarrikaturikoaren aurka, Espainiako Gobernuak kartzela politika berdin mantendu du. Atzerapausoak ere izan dira, horien artean gogorrena, Auzitegi Konstituzionalak 197/2006 bizi osorako doktrina berretsi izana.
Azken garaian, kartzela politika justifikatzeko erabili diren aldagaiak desagertuz joan dira. Hortaz, kartzela politika honek sostengu sozial eta politikorik ez du Euskal Herrian, baina areago, berau ez aldatzeko aitzakia edo justifikaziorik ere ez du. Edonola ere, espainiar Gobernuak aurkezturiko planak ez du errealitate hori aintzat hartzen, eta betiko aitzakiak erabiltzen ditu, ETAk bere jarduera behin betiko utzi izan ez balu bezala, Euskal Preso Politikoen Kolektiboa bide soilik politiko eta demokratikoekin konprometitu izan ez balitz bezala (Gernikako Akordioa sinatuz harturiko konpromisoa) eta Aieteko Bake Konferentzia izan ez balitz bezala.
Plan horrek giza eskubideen errespetuari baldintzak ezartzen dizkion momentutik ez du giza eskubideen printzipioa jasotzen. Oinarrizko giza eskubideen errespetuari ezin zaizkio baldintzak jarri, pertsona orok, inolako bazterketa eta bereizkeriarik gabe, izan behar baititu oinarrizko giza eskubideak ezagutuak eta errespetatuak.
Herrirak argi du bake prozesuaren arrakastarako beharrezkoa dela oinarrizko giza eskubideak ez nahastea bestelako eztabaida politikoekin. Pertsonen bizitzak eta haien eskubideak ezin dira erabili asmo politikoekin.
Plan horren arabera, euskal presoek baldintza batzuk bete behar dituzte oinarrizko eskubideak errespetatuak izateko. Beraientzat espresuki eraikitako lege eta neurriek osatu dute egungo kartzela politika. Gainerako presoei ez bezala, neurri bereziak ezarri dizkiete euskal presoei. Horregatik da salbuespenekoa kartzela politika hori, mendekuan eta errepresalian oinarritutako neurri eta lege bereziak barne biltzen dituelako. Planak ez du salbuespeneko irizpidea albora uzten, gainerako presoei ezartzen ez dizkieten baldintzak ezartzen baitizkiete euskal presoei.
Plana kolektibo bati zuzendurikoa dela gauza jakina da, nahiz eta «birgizarteratze indibiduala» azpimarratzen duen. Kontraesan honek nabarmentzen du bake prozesuan beharrezkoa dela gatazkaren konponbidean preso politikoen kolektiboa aintzat hartzea. Modu sinplean esanda, gatazkaren parte eta ondorio dena, soluzioaren parte eta ondorio delako halabeharrez. Errealitate hau modu eraikitzailean kudeatzea litzateke bakea eraikitzeko eta gatazka betiko gainditzeko biderik eraginkorrena. Hau da, kolektibo hori bake prozesuan inplikatzeko beharrezko egoerak sortzea, parte-hartze eta elkarrizketarako aukerak irekiz batetik, eta eskubideen urraketek dakartzaten muturreko neurriei amaiera emanez bestetik. Planak, ordea, ez du aktibo hori modu eraikitzailean kudeatzeko biderik eskaintzen.
Planak ez die hil ala biziko egoerei irtenbiderik ematen. Esate baterako, Txus Martin hil ala biziko egoeran aurkitzen da, ia zortzi urteko isolamenduaren ostean, eskizofrenia du, bi aldiz bere buruaz beste egiten saiatu da eta kartzelan atxikitzeak bere bizia arriskuan jartzen du. Beste 13 preso gaixotasun larriak dituztela kartzelan daude, eta batzuei kondena luzatu diete.
Dispertsioa, plan hori bezala, presoei zuzenduriko neurria da. Baina gauza jakina da dispertsioa gehien sufritzen dutenak senideak direla. Ehunka senidek milaka kilometro egin behar dituzte astebururo. Horrek istripu ugari eragiten ditu, eta senideen bizia bera arriskuan jartzen. Espainiar Gobernuak plan hori aurkeztu zuen asteburu berean, lau egunean lau istripu izan ziren. Horrek erakusten du dispertsioak presoen senideengan eragiten duen sufrimendua eta arriskua.
Plan horrek ez dakar Gobernua bake prozesuan inplikatzea, horrek gutxienez eta lehen urrats gisa, oinarrizko giza eskubideak errespetatzea eskatzen baitu. Giza eskubideen errespetuari baldintzak jarri ordez, horiekin irmoki konprometitzea derrigorrezkoa da gobernu batentzat, bake eta normalizazioaren bermatzaile nagusi baitira giza eskubideak.
Planaren edukiez harago, bake prozesu batek eskatzen duen bidea da plan horrek alboratzen duena. Hau da, lehenik eta behin aldeek eskubideekiko konpromisoa hartzea, eta bigarrenik, gatazkaren ondorioei irtenbidea emateko elkarrizketak hastea. Gobernuak, aldiz, ez du bere eskuetan diren eskubide urraketak amaitzeko pauso propiorik ematen. Ez du, halaber, elkarrizketaren bide eraikitzailea hautatzen, berak ezartzen baititu eskubide urraketak eta horiek bukatzeko baldintzak.
Herrirak bake eta konponbide osoa, justua eta iraunkorra ekarriko duen prozesuarekiko konpromisoa du. Nazioarteko esperientzia askok erakusten dutenez, galtzailerik eta irabazlerik gabeko irtenbidea da hori ekar dezakeena. Alabaina, Gobernua irabazleak eta galtzaileak bilatzen ari da, presoen eta haien senideen eskubideak erabiliz horretarako. Gure ustez, Gobernuak eskema hori alboratzea oso garrantzitsua da bake prozesuaren arrakastarako.
Bakea eraikitzeak gatazkaren arrazoiei eta ondorioei irtenbidea ematea eskatzen du. Gatazka egoerak betiko atzean utzi eta eragindako ondorio guztiei konponbidea eman behar zaie, bidean galtzailerik sortu gabe, eta ondo itxi gabeko zauririk utzi gabe. Horrek, besteak beste, preso eta iheslarien egoera konponbidean jartzea eskatzen du.
Kolektibo horien oinarrizko eskubideen errespetua funtsezko pausoa da bide horretan. Gatazka klabean eraikitako kartzela politika aldatuz eta hura konponbide irizpideetara mugituz, konponbide prozesua elikatzeko esparru gisa, eta ez hura trabatzeko.
Horrek mendekurako neurriak desagertzea, eskubideak ezartzea eta alde guztiak engaiatzea eskatzen du, elkarrizketaren bidetik, inplikaturiko guztiek beharrezkoak diren pausoak eman ditzaten.
Bide horretan sakontzeak ekarriko du, konponbidean aurrera egin ahala, preso eta iheslariak etxera itzultzea.
Horrela, bada, egiten ari garen bidean ikuspegi zabalez eta pazientzia handiz aurrera jarraitzea da, Herriraren ustez, bakearen eta askatasunaren alde egin dezakegun inbertsiorik onena.