GARA > Idatzia > Iritzia> Kolaborazioak

Marije Fullaondo, Karmele Aierbe, Haritz Iribas | Ezker abertzaleko kideak

Urratsez urrats, Euskal Herri euskalduna

Euskararen alde gauden euskaldun eta erdaldun euskaltzale guztiok pentsamendu aldaketa egin eta eragitera pasatu behar dugu. Hurrengo urratsa, Senperen, Herri Urratsen

Euskal Herria, euskaldunon herria, euskara dugunon herria alegia. Luze egin genezake historian atzera egingo bagenu, milaka urte dituen hizkuntza batez eta herri batez ari baikara. Europako hego-mendebaldean dagoen Paleolitoaren lekuko bizi bakarra. Beste baterako utziko dugu ordea, historia interesgarria bada ere eta gauza askotan arrazoia ematen badigu ere, garrantzitsuena oraina baita. Eta esan beharra dago egun bagarela, euskara gure herrian, Euskal Herrian, badagoela, batzuek nahiko zutena baino askoz ere presenteago. Eta hori da benetako arrazoia, arrazoirik garrantzitsuena. Ez dezagun bada galtzen utzi; izan ginelako, bagarelako, izango gara.

Euskarak, ordea, ez du etorkizuna ziurtaturik. Unescok argitaratutako desagertze arriskuan dauden hizkuntzen zerrendan dago. Atera dezagun zerrenda horretatik, eman diezazkiogun beste milaka urte gure altxorrik preziatuen eta gure nortasunaren ikurrik adierazgarriena den euskarari. Gauza asko aldatu beharko ditugu horretarako.

Azkenaldian, azken mendeetan bezala eta arrazoi ezberdinengatik, euskararen gaia eztabaidagai izan da Euskal Herriko zazpi herrialdeetan: eskolako hizkuntz ereduak, «Vascuencearen legea», frantziar konstituzioaren moldaketa xumea, eta abar.

Euskararen gaia, esan bezala eztabaidagai izan da, baina, historikoki jasan duen galera politiko eta linguistikoa erreparatzen hasteko erremedioa inor gutxik jarri du, eta Euskal Herri euskaldunaren bidean, atzera bueltarik izango ez duten erremedio eraginkorrak jartzen hasteko unea da.

Mugaz bi aldeetako egungo legeekin, euskararen geroa arriskuan dago. Frantziako Konstituzioaren bigarren artikuluak ere zera dio: frantsesa dela hizkuntza ofizial bakarra. Eta gainerako hizkuntzen mendekotasuna betikotzeko 75.1 artikuluak «Frantziako ondare» direla adierazten du. Alabaina, 2012ko urtarrilaz geroztik, Frantzian beren egoera erregularizatu nahi dutenek frantseseko azterketa bat gainditu behar dute. Euskaldunoi, ordea, gutxieneko neurriak hartzea ere debekatzen digute. Eta horri égalité deritzote.

Baina berdintasunetik oso urruti gaude. Euskaldunok geure etxean arrotz bizi gara, bigarren mailakoak gara.

Gauzak horrela, honako hau da ezker abertzalearen irakurketa eta proposamena.

Euskara normalizatuko bada, Euskal Herri euskaldun bat lortuko bada, ezinbestekoa da Euskal Herri osoan herritarren hizkuntz eskubide guztiak berma- tuko dituen euskararen ofizialtasuna lortzea. Horrek behar du izan bide luze zein polit honen jatorria, baina argi izan behar dugu bidearen hasiera baino ez dela. Izan ere, horrekin bakarrik ezin da euskararen egoera normalizatu. Egia honen ispilu ezin hobea dugu Euskal Autonomia Erkidegoan, non hizkuntza ofiziala izanagatik normalizaziotik oso urrun dagoen.

Azken batean, hizkuntza politika berria da Euskal Herriak behar duena. Hizkuntza politika bakarra, nazionala, burujabea eta euskararen normalizazioa helburu izango duena. Unescok Nazioarteko Kultur Kooperaziorako Printzipioen Deklarazioan adierazi bezala, ezker abertzaleak uste baitu «herri orok bere kultura garatzeko eskubidea eta betebeharra duela».

Euskaldunok euskaraz bizitzeko dugun eskubideaz ari gara. Frantsesek Frantzian, espainolek Espainian edo alemanek Alemanian dituzten hizkuntz eskubide berberak eskatzen ari gara.

Aipatutako bide horretatik, belaunaldi berriak euskalduntzeko beharrezkoa den hezkuntzaren euskalduntzea eman beharko da, baita helduen euskalduntze alfabetatzea bermatzeko planteamendu zehatzak egin ere. Lan mundua, administrazioa, komunikabideak, gure eguneroko jarduera... euskaldundu. Gauza asko dago bide horretan egiteko. Bide polita zein malkartsua da, baina egin beharrekoa.

«Euskara nahi dut» esatetik «Euskaraz bizi nahi dut» esatera pasatu behar dugu. Euskararen alde egotea ez da nahikoa, euskaraz bizitzeko hautua egin behar dugu. Euskararen alde gauden euskaldun eta erdaldun euskaltzale guztiok pentsamendu aldaketa egin eta eragitera pasatu behar dugu. Gure herri hizkuntza euskara beharrezkoa bihurtu behar dugu.

Has gaitezen luze gabe bidea urratsez urrats eraikitzen. Hurrengo urratsa maiatzaren 13an egingo dugu, Senperen, Seaskak antolaturiko Herri Urrats bestan. Huts egin ezin dugun urteroko hitzordua!

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo