EAJren «kudeatzeaile onaren» sona irudia baino ez da, ustelkeria kasuek gezurtatu duten irudia
Gasteizko Parlamentuak uste du Arabako ustelkeria eta espioitza auzian EAJko zenbait kargudun ohik ardura politikoa dutela. Hala dio talde guztiek, alderdi jeltzaleak izan ezik, atzo onartu zuten ebazpenak. Onartutako txostenak «gabezia handiak» dituela esan zuen EAJk, eta «epaiketa paraleloak egin izana» salatu zuen. Epailearen ikerketa ezinbestekoa da; hala ere, arduradun politikoek beren erantzukizun politikoari aurre egitea ere beharrezkoa eta sinesgarritasun kontua da. Ustelkeria kasuak, oro har, ez dira salbuespena, ezta EAJko arduradun publikoak nahastuta dauden kasuak ere, eta herritarrek argi izan behar lukete beren ordezkari politikoen jardun gardena eta praktika ustelen aurkako jarrera. Gasteizko Parlamentuaren atzoko ebazpenak ez du, noski, balio juridikorik, baina herritar gehienen ustea jasotzen du. Azkenean, EAJk agertu ohi duen «kudeatzaile onaren» irudia ez da oso leku onean geratu, eta Arabako ustelkeria auziak ez ezik, auzibidean edo dagoeneko epaitu eta zigortuta dauden kasuek ere -hala nola Gipuzkoako Ogasuneko iruzurra eta Bizkaiko Ogasuneko Ikuskaritzako zuzendari ohiaren auzia- irudi hori ere gezurtatu dute.