GARA > Idatzia > Euskal Herria

Biarritzeko parrokiako eliztarrek kezkaz hartu dute erretorearen ordezkapena

Michel Garat Biarritzeko Hargaineko Ama Birjinaren parrokiako erretorea irailean ordezkatuko dute San Martin erkidegoko hiru apaizek. Eliztarrak kezkaz daude, eta Aillet apezpikua bera azalpenak ematera joan da.

p018_f01.jpg

GARA | BIARRITZ

Hargaineko Ama Birjinaren parrokiako gidaritzan sei urte igaro ostean, datorren irailean Michel Garat bikarioak Baionako beste eliza baten ardura hartuko du bere gain. Beraren ordez, Baionako, Leskarreko eta Oloroeko elizbarrutiko Kontseiluak hiru apaiz jartzea deliberatu du.

Aldaketa orok eragiten duen kezkarekin batera, apaiz horiek San Martin erkidegoko kide direla jakiteak elizkideen arrangura areagotu egin du.

Hala, Marc Aillet apezpikua bera Biarritzeko parrokian izan berri da azalpenak emateko. Hasteko, bere erretorearekin horren gustura zeuden eliztarrek aldaketaren arrazoia jakin izan nahi dute. Ailletek Ipar Euskal Herrian arduran dauden elizgizonen batez besteko adina oso handia (73 urte) dela eta erreleboa bermatzeko bikarioen adina gaztetu beharra dagoela argudiatu du. Azalpenak, ordea, ez ditu elizkideak ase.

Hein handi batean, Garaten lanari esker beren parrokian erdietsitako dinamika bizia galtzeko beldur, itaundu dute zergatik ez duten hiru apaiz horiek Baionako elizaren ardura hartzen. Ailleten arrapostua: «Ez ezazue hau Hargaineko Amaren aurkako zigortzat har. Baionako elizan taxuzko erretorea behar da, bertakoa Hendaiara doalako. Aldaketa normalak dira».

Zer da San Martin erkidegoa?

San Martin erkidegoaz ere zenbait galdera pausatu dizkiote apezpikuari. 1976n sortutako apaizen eta diakonoen elkarte bat dela adierazi du gotzainak, bera sortzaileetako bat izan zela nabarmenduta. «Bertako anaikideek beren misioa elkarrekin eta ez bakarrik gauzatzen dute, eta Vatikanoko II.ean oinarritutako liturgia jarduera oso indartsua daramate», gaineratu du.

Eliza katolikoak 2000. urtean onartu zuen San Martin komunitatea bere baitako erakunde gisa. «Benetako liturgia» bultzatzen du, eta «ildo kontserbadorekotzat» jotzen da. Ailletek berak egoneza eragin duten hainbat ekimen egin ditu, besteak beste, duela bi urte Jose Maria Escriva de Balaguer Opus Deiko sortzailearen oroitzapenerako meza, Baionan.

Lyonen duela 50 urte sortutako Maurice Franc eta Julien Fafart (38 urte) eta Nicolas Richard (30 urte), biak jatorriaz paristarrak, uztailaren hasieran helduko dira Biarritzera. Haien etorrerarekin San Martin erkidegoa Estatu frantseseko hamaika eliz-barrutietan presente izanen da. Elizkideak fidagaitz dira.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo