Angelu
Aristide-Briand haur eskolari eraso egin diote aste honetako jaiegunetan
Angeluko Aristide-Briand eskolari eraso egin diote aste honetan, astearte eta asteazkenean izandako jaiegunez baliatuz. Kalteak konpondu arte zentroa itxita egongo da, eta bitartean, bertan ikasten duten 90 haurrak Barojako aisialdi zentrora eramango dituzte. Angeluko Herriko Etxeak salaketa jarri du, eta atzo goizean polizia zientifikoa aztarnak bilatzen aritu zen. Ikerketak bukatzean konponketari ekingo dio Udalak, eta astelehenerako haurrak eskolara joan ahal izango direla espero dute. Asteartea jaieguna izan zen Estatu frantsesean, eta asteazkenetan ez da klaserik izaten Lehen Hezkuntzan; beraz, atzo Angeluko eskolako irakasleak klasera ailegatu zirenean, egoitzan eta materialetan egindako txikizioa aurkitu zuten. Erasotzaileek kalte handia eragin dute bulegoko materialean, baita altzarietan eta material pedagogikoan ere. Margo aztarnak ere utzi dituzte, bereziki lur eta hormetan. Herriko auzapez Jean Espilondo haserre agertu zen: «Ondasun publikoaren kontrako bandalismo ekintzak beti onartezinak dira, eta eskola baten kontra izateak okerragoa egiten du. Familia horiek jasaten dituzten eragozpenak murrizteko, lanak ahalik eta lasterren egiten ahaleginduko gara».