GARA > Idatzia > Kultura

Zinemaldiak Europa-Latinoamerika Koprodukzio Foroa aurkeztuko du Cannesen

Maider IANTZI | DONOSTIA

Bi egunez Donostiako ikus-entzunezkoen industrian lanean dabiltzan lagunak «bahitu» eta elkartu eginen dituzte, euren artean harremanak izan ditzaten. Hala laburbiltzen dute erdi txantxetan sortzaileek aurtengo Zinemaldiaren barrenean, irailaren 27an eta 28an izanen den Europaren eta Latinoamerikaren arteko I. Koprodukzio Foroa.

Lakuako Industria, Berrikuntza, Merkataritza eta Turismoko sailburu Bernabe Undak, Juan Mari Gurrutxaga Euskadiko Ikus Entzunezkoen Klusterreko (Eiken) presidenteak eta Jose Luis Rebordinos Zinemaldiko zuzendariak aurkeztu zuten atzo proiektu berria, euskal ikus-entzunezkoen sektorerako «estrategikoa» izatea espero dutena.

Nazioarteko izatea, gakoa

Gurrutxagak nabarmendu zuenez, espazio interesgarri bat da foro hau, aukera handiak ematen dituena. Nazioarteko izatea gakoa da berarentzat euskal zinemaren industria sendotzeko eta ekimenak horri erantzuten dio. Unda bat etorri zen ideia horrekin eta gaineratu zuen Donostia eta zinema jaialdia ikurrak direla munduari hiria eta Euskal Herria erakusteko. Foroa arlo publikoaren eta pribatuaren elkarlanaren emaitza dela ere nabarmendu zuen.

Kooperazioa goraipatu zuen eta azaldu zuen klusterrak edo enpresen taldeak arrakasta izaten ari direla eta euskaldunen lana arrakastaren adibide gisa aztertzen ari direla Harvarden. Rebordinosek, azkenik, Canneseko zinema jaialdira foroa aurkeztera gonbidatu dituztela eta hortik egitasmoa nazioartean erakutsiko dutela jakinarazi zuen.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo