Ezkontza homosexualen auzia, hauteskunde kanpainaren erdian
Sexu bereko kideen arteko ezkontzaren auzia Ameriketako Estatu Batuetako hauteskunde kanpainaren erdigunean kokatu da egunotan, Obamak horren alde dagoela adierazi eta gero. Iritzi publikoari jarrera hau erakutsi izana bere aurka etor daitekeela uste dute askok; beste batzuek lehendakariaren hitzekin bat egin dute, ordea, eta gai honetan aldeko iritzia agertu duen lehen presidentea dela goraipatu dute.
GARA |
Sexu bereko kideen arteko ezkontzaren afera AEBetako hauteskunde kanpainaren erdigunean kokatu da egun hauetan, asteazkenean Barack Obama lehendakari eta hautagai demokratak bera horren alde dagoela erakutsi ondoren.
Obamaren jokaera ulergaitza izan da askorentzat, iritzi hau publikoki zabaltzeak berriro hautetsia izateko aukera kolokan jartzen duela uste baitute, Mitt Romney hautagai errepublikanoaren bidea erraztuz.
«Niretzat, pauso bat eman eta sexu bereko pertsonak elkarrekin ezkontzeko aukera izan behar luketela uste dudala baieztatzea oso garrantzitsua dela ondorioztatu dut», adierazi zuen Obamak ABC telebista kateari eskainitako elkarrizketan.
Iritzi hau une delikatu honetan agertu izana ez da kasualitatea. Azken galdeketek diotenez, AEBetako jendartean, sexu bereko lagunen arteko ezkontzen aldeko jarrerak gora egin du urteotan eta Obamak «garapen» honen isla izan nahi izan du.
Horrez gain, «The Washington Post» egunkariak argitaratu moduan, Obamak erakutsitako sostenguak demokraten hauteskunde kanpaina babesten duten diru-emaileak adoretu litzake, egunkariaren ikerketen arabera, seitik bat homosexuala baita.
Presidenteak bere jarrera iragarri zuenetik, «telefonoa jo eta jo dabil» diru-emaile garrantzitsuenen deiekin, azaldu zuen Adrew Tobias, Demokraten Batzorde Nazionaleko diruzainak.
Komunitate homosexuala demokraten oinarriaren zati garrantzitsua da, batez ere, Obamak «zuk ez galdetu, nik ez dizut esango» arau ezaguna -homosexualak zirela onartzen zuten pertsonak Indar Armatuko kidea izatea debekatzen zuena- bertan behera utzi zuenetik.
Garrantzi berezia du gazteen iritziak ere. ABC eta «The Washington Post» hedabideen galdeketen arabera, %60k sexu bereko kideen arteko ezkontza onartzen dute.
AEBetako iritzi publikoari orokorrean begiratuz gero ere aldeko jarrerak gora egin du 2004. urtetik hona. Lehen, %41ekoa zen, eta orain, berriz, %52koa da.
Obamak adierazpenok egin eta berehala jaso zituen lehen erreakzio positiboak, homosexualen elkarteen eta hainbat politikariren eskutik. «Zorionak, presidente jauna, gayen arteko ezkontzak babesten dituen lehen presidentea bilakatzean historia egin izateagatik».
Martin O'Malley, Marylandeko gobernadoreak «errespetua eskubide zibilen berdintasunari eta guztiontzako duintasunari izatean datza garapenak», adierazi zuen. New Yorkeko Michael Bloomberg alkateak ere bere babesa eskaini zion, eskubide zibilei dagokienez, «inflexio puntua» izan dela ziurtatuz.
Argi dago, beraz, Obamaren mugimenduaren oinarria jendartearen iritziaren aldaketan dagoela eta bere lehen kanpainan egin zuen moduan, «garapenaren» bandera hartu nahi izan du oraingoan ere.
Okerreko erabakia
Baina bada erabaki honekin bere berrautaketarako bidean atzera egin duela pentsatzen duenik ere. Guztira AEBetako 38 estatutan dago debekatuta sexu berekoen arteko ezkontza, tartean Ipar Karolinan eta Virginian, 2008an demokraten garaipena ziurtatzeko giltzarri izan ziren bi estatu.
Horrez gain, Obamarekin konpromiso gutxien duen eta migrazioari dagokionez agindutako erreforma ez egiteagatik presidentearekin haserre dagoen komunitate hispanoko kideen babesa ere gal dezake.
Beltzen komunitateari dagokionean, nahiz eta ezkontzak onartzeko errezelo gehien duen taldea izan, analistek iritziz, zaila izango da talde horrek Obamarekin duen lotura etetea.
George Clooney aktoreak Obama lehendakariaren hauteskunde kanpaina finantzatzeko diru-laguntzak lortzeko bilkura antolatu zuen atzo, 12 milioi dolar lortzeko asmoarekin, «The Hollywood Trasladar» egunkariak esandakoaren arabera.
2008ko hauteskunde kanpainan zehar, sexu bereko kideen arteko izatezko bikoteak baino ez zituela onartzen adierazi zuen Obamak, baina 2010ean, azaldu zuen ezkontzei zegokienean bere iritzia «garatzen» ari zen.