GARA > Idatzia > Kultura

Bilboko FANT jaialdiko film luze onena izendatu dute «Bellflower», Evan Glodell zuzendariarena

Epaimahaiak Evan Glodell estatubatuarraren «Bellflower» film luzeari eman dio 2012ko film onenaren FANT saria. Horrez gainera, aipamen berezia eman dio Nicolas Golbart argentinarraren «Fase 7» filmari.

p051_f02_96x96.jpg

GARA | BILBO

Desiree de Fezek, Jorge Guerricaechevarriak eta Alex Angulok osatutako Bilboko XVIII. Zinemaldi Fantastikoaren epaimahaiak Evan Glodell zinemagile estatubatuarraren «Bellflower» film luzea aukeratu du aurtengo onena. Epaimahaiak azpimarratu zuen film luze sarituak ederki lortzen duela «artifizioaren eta fantasiazko eta beldurrezko zinemaren bitarteko batzuen bidez naturaltasun eta errealismo sentsazioa ematea». Epaimahaiaren saria ez ezik, «Bellflower» filmak Euskal Gidoilarien Elkarteak emandako gidoi onenaren saria ere jaso du.

Nicolas Golbart argentinarraren «Fase 7» filmak jaso duen aipamen bereziari dagokionez, epaimahaiak azpimarratu zuen «oso originala da gaur egungo zineman modan dagoen apokalipsiari beste ikuspuntu batetik heltzeko hartzen den ikuspegia eta erabiltzen den umorea».

Film laburren sailean, epaimahaiak Jeroen Annokkee holandarraren «Suiker» lanari eman dio film labur onenaren saria. «Eszenaratzearen eta ikuspegiaren asmamenaren arteko oreka zorrotza eta laburra da, eta umore beltz bikaina jartzen du agerian», azaldu zuen epaimahaiak.

Halaber, epaimahaiak Haritz Zubillagaren «She's lost control» lanari eman dio euskal film labur onenaren saria, eta «generoko zinemaren hainbat tradizio nahasiz egin duen proposamena», balioetsi zuten.

Bestalde, Bilboko Zinemaldi Fantastikoaren ikus-entzuleek Ander Fernandez euskal zuzendariaren «El Nido» lanari eman diote boto gehien, eta horrenbestez, film labur onenaren saria lortu du.

Bilboko Udaleko Kultura eta Hezkuntza Sailak antolatzen duen zinemaldiaren sari-banaketa gaur izango da, 19.45etik aurrera hasiko den ekitaldian, Alondegiko Golem zinema aretoetako 1. aretoan. Sari-banaketaren ostean, film sarituak emango dituzte.

Kike Maillori ere gaur emango diote Fantrobia saria. Aurretik, 16.00etan master class bat eskainiko du efektu berezien inguruan.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo