2016ko kultur hiriburuaren izendapena | Igor Otxoa, proiektuaren zuzendaria
«Instituzioek ulertu dute kultur proiektu hau estrategikoa izan daitekeela»
Gertatutik ezagutzen dutenen arabera, ez omen da erraza Igor Otxoa jokoz kanpo harrapatzea. «Tipo azkarra da», diote Oreka TX-ko kide ohiari buruz galdetzean. Horrela behar du izan, Donostia 2016an Europako Kultur Hiriburu bihurtzeko prestatutako proiektu kontzeptuala –eta oso kontzeptuala da– errealitatera ekartzeko ardura baitu. Psikologia ikasketak ditu, baina txalapartarekin nomada bihurtu zitzaigun. Agian horregatik ematen die horrenbesteko garrantzia gauza txikiei.
Amaia EREÑAGA | DONOSTIA
Atzo eguerdian, udaletxean, xanpainarekin topa egin genuenean Donostiari 2016ko Europako Kultur Hiriburutza esleitu izana ospatzeko, Igor Otxoa falta zen. Marseillan zegoen, bilera batean, kultur hiriburutzari buruz egunotan egiten ari diren biltzar antzeko bateko partaidea baita. Marseillak 2013an Eslovakiako Kosice hiriarekin partekatuko du Europako Kultur Hiriburutza, 2016an Donostiak Poloniako Wroclaw-rekin egingo duen bezala. Igor Otxoa ez zegoen bakarrik, Xabier Agoterekin bidaiatu du. Albaolako itsas erakundearen ordezkariarekin, beste egitasmo batzuen artean, XVI. mendeko «San Juan» baleontzia eraikitzeko kontaktuak eta informazioa jasotzen ari zen egunotan... baita besteek jasotako esperientziatik ikasten ere.
Nola bizi duzu izendapena?
Marseillako kultura zientifikoaz arduratzen den proiektu-zuzendariarekin elkartuta geunden, Anne Valatekin, baita Xabier Agoteren ustez itsas arkeologian eminentzia bat denarekin. Bilera bukatu ostean piztu dut mugikorra, eta mezu pila nituen. Deitu diot Eva Salaverriari, eta jendea oso pozik zegoela esan dit.
Gaur bertan hasiko den Olatu Talka izendapenaren «txupinazoa» dela esango nuke. Beste mota bateko ekitaldi batekin has zitekeen, baina hau, hain herrikoia, apropos egindako zerbait dela esango nuke.
Bai, bada. Ez zaigu modu egokiagorik bururatu. Gainera, nahi genuen hitzordu biak elkartu eta elkarrekin ospatu, Olatu Talka oso ekimen interesgarria dela uste dugulako. Gainera, 2016aren garapenaren prozesua da. Olatu Talkak hiru urte betetzen ditu aurten, eta hain juxtu irudikatzen du praktikan prozesu hori. Lehenengo urtean espazio berri bat izan zen; gainera, normalean, Donostian ez geunden ohituta Erdialdean eta Kontxa inguruan kultura amateurrak espazioa izatera. Bigarrenean, talde desberdinen arteko elkar trukea eta lana bultzatzen hasten saiatu ziren. Eta aurten mezua argia izan da: 2016koa ez da donostiarrena soilik, lurraldeko egitasmo bat da. Ulertzen genuen trantsizio fase batean gaudela, eta hau keinu bat zen: egin behar dugun ekimen potoloena, aurten, justu, zentratu nahi genuelako uler dadin Hiriburutza ez dela donostiarrena bakarrik. Donostian bertan ere, ez dela Erdialdean bakarrik egingo nabarmendu nahi genuen.
2016ko proiektuak aurrera begira duen erronka Euskal Herrira zabaltzea izan daiteke.
Kristoren aukera da. Donostia epizentro antzekoa izango da, baina uhinak iritsi behar dira lurralde osora, baita hemendik kanpora ere: Espainiara, Frantziara, Kataluniara... baita dimentsio europarra eman ere bertako kulturari eta bertako sortzaileei, kanpokoa ezagutuz, harremanak sustatuz. Ezagutzea da, askotan, aurreiritzi asko suntsitzeko bidea, eta proiektu honek horretarako balio behar du.
Beste fase batean sartuko zarete, bai barneko egiturak antolatzen, bai egitasmoak gauzatzen. Zer aurreikuspen duzu?
Fundazioarekin (fundazio publiko bat sortuko da), beste egitura politiko bat eratzen hasiko da, lan taldea indartuko da; eta orain hori prestatu behar dugu, plangintza ondo hasiz. Marseillan dauden beste hiriburuetako jendearekin egon ondoren konturatzen zara zenbat denborarekin hasi ziren prestatzen; eta guk ere denbora beharko dugu horretarako. Hautagaitzarekin, egia da espektatiba asko sortzen direla, eta hori gertatu zaie hiriburutza guztiei: hasiera batean, hautagaitzaren fase horretan kartutxo guztiak erretzen dituzu kristoren mugimendua sortzen; eta gero, jabetu beharra dago geratu behar duzula barne lan handi bat egiten, gauzak ondo prestatzeko. Prozesu batzuk prestatzeko sistemak jartzen hasiko gara datorren urtetik aurrera. Esan dizudan bezala, proiektu bakoitza desberdina da, eta gurea ez da bakarrik 2016ari begirako egitasmoa, baizik eta pixkanaka martxan jarri behar dena, 2020ra arte dagoelako pentsatuta. Epe luzerako lasterketa da. Marseillan atzo bertan jarri zituzten iragarki kartelak, eta guk panelak aspaldi jarrita ditugu... Kontziente izan behar dugu geuk ere denbora beharko dugula eta lan handia daukagula gauzak ondo ateratzeko. Batzuetan ez gara dimentsioez konturatzen.
Hankak lurrean jartzeko garaia iritsi zaizue, orduan.
Bai. Orain arte proiektua kontzeptualagoa izan da, eta orain denbora behar dugu kontzeptu horien bideragarritasuna gauzatzeko.
Aitortu behar dizut, paperean irakurrita, proiektua kontzeptualegia iruditu zitzaidala.
Hori da gure lana, ideia horietatik nola pasatu tresna praktikoetara, eta jendeak jakin dezala nola parte har dezakeen.
Fundazioa orain eratuko da, baina ze fase izango dira?
Fundazioa uda baino lehen eratu nahiko genuke, eta lan taldeak udazkenerako behar luke.
Lan taldean aldaketak izan dira; azkena, Ainara Martin kultura arduraduna. Polemika bizia sortu da. Zuei arazoak sortzen dizkizuete?
Beste hiriburuetako jendearekin egon gara, Marseillakoekin esaterako, eta prozesua nolakoa izan den esan digute: zuzendari orokorra aldatu zen, adibidez, eta Wroclawen lan taldea goitik behera aldatu da... Horrelako proiektu luze batean, eta gainera, fase desberdinak izanik, profila egokitu behar da fase horietara. Baita norberaren bizitza pertsonalari ere; hau oso proiektu intentsua da, eta normala da jendearen joan-etorria egotea... Beste batzuekin egotean konturatzen zara leku guztietan gertatzen dela, ez dela «anormala», normaltasunaren barnean dagoela. Gero, politikoki jokoa eman dezake; baina lan taldearen barnean, behintzat, normaltzat jotzen dugu.
Nonbaiten irakurri dut udal oposizioa beldur dela, hastapeneko taldea desagertuko ote den. Eva Salaverria (zuzendari orokorra) omen da hasierako taldetik gelditzen den bakarra.
Aurreko lan talde berak jarraitzen du, beste hiru lagun baino ez gara gehitu. Komunikaziokoak, nazioarteko harremanetarako kultur teknikariak, Evak berak, Santi Erasok jarraitzen dute... bueno, jarraitzen dute oraingoz, gero ikusiko baita lan talde berarekin segitzen ote duen.
Kanpotik ikusita, talde txikia duzuela ematen du.
Bai, lan taldea dinamizatzailea eta ahalik eta txikiena izatea da asmoa. Beste hiri batzuetan larregi zentratu ziren kultur hiriburutza horretarako lanak prestatzen, eta askoz lan talde handiagoak ziren, gure aldean.
Lakuak, Diputazioak eta Udalak babesa eman diote proiektuari. Madrilgo ministerioak berdin ikusten al du?
Madrilgoaren inguruan dakidana prentsan irakurri dudana baino ez da. Alkateak bidali zion gutun bat ministroari, eta ez duela erantzun ere badakigu.
Dena den, zorte txarra izan da, krisi garaian, bete-betean, egokitu baitzaio Hiriburutza.
Bai, izan daiteke negatiboa hein batean, baina justu proiektu honen balioa orain ikusiko da, eta horrela behar du izan. Gauzak beste modu batera egitea, eraldatzailea izan, dinamika bat sortu, bai kultura mailan, bai gizarte mailan, horretan lagungarria izan nahi du proiektu honek. Tresna izan behar dugu guztion artean egokitzeko eta gauzak beste modu batera egiteko.
Zu zeu, zergatik erakarri zintuen proiektu honek?
Alde batetik, ikusten dudalako ez zela 2016ri begira egindako «ebento» handi bat; proiektu honek oinarrian gehiago nabarmentzen duelako aldaketak gauza txikietatik abiatu daitezkeela. Baita prozesuaren garrantzia, ondarearen garrantzia ere... hori guztia parte-hartzearen eta elkarbizitzaren bitartez eratzea, hori ere garrantzitsua da. Kultura modu zabalean hartzen du, gure egunerokotasunean dauzkagun hainbat gauza ere kultura direlako.
Elitismorik gabe agian?
Hori da. Eta horrez gain, ba gizakion arteko harremanak, ingurumenarekin, elkartasunean oinarritutako etika, feminista, edo bizitza lasaia, edo osasunaren ikuspuntua... horrek guztiak nire iritziz osotasuna ematen dio proiektuari. Eta kulturak gizarte mailan dauden ereduak aldatzen saiatzeko ahalmena du, eta horrela bakarrik lortuko dugu ereduak aldatzea, gizartearen inplikazioarekin. Hain juxtu krisi garaian argiago ikusten da eredu horiek aldatu behar direla. Nik uste dut instituzioek ulertu dutela proiektu hau estrategikoa izan daitekeela, are gehiago ere krisi garaian, eta ez bakarrik intangibleak diren balio hauei dagokienez, ekonomian ere kristoren motorra izan daitekeelako. Onura asko ekarriko duelako dinamika berritzaile horiei esker.
OSTIRALIVE
Tras la celebración de la designación de forma popular este mediodía mediodía, esta tarde arrancan tres días repletos de actividades. La tarde de hoy es musical, con un circuito de más de setenta actuaciones en vivo en otros tantos lugares de la ciudad y en doce puntos de Gipuzkoa.
sábado
Una programación que se estira desde las 10.00 de la mañana hasta la noche. por todos los barrios de Donostia. Bertsos, talleres de cocina, talleres varios... Se estrenará también el lipdub rodado por las comparsas de Carnavales. La cita, en Alderdi Eder a las 20.00 h. Fuera de Donostia, en Pasaia, el festival Fishara «ocupa» Ondartxo.
DOMINGO
Otra jornada maratoniana, en la que destacan iniciativas como la carrera y limpieza del Urumea por la mañana, desfiles, la confección de un libro del arte sobre la crisis... Información en: www.sansebastian 2016.eu