Julen MURGOITIO
Zor-minetik sor-markara
Gero eta gaitzago suertatzen zait ekonomiaz ulertzea. Are gehiago gaurko mundu honetan. Saiatu bai, ulertu ostiarik ere ez. Ekonomistek eurek ulertuko balute, behintzat! Arreta handiagoa jartzen diet prentsaren ekonomiako orriei politikakoei baino; azken batean, politika ofiziala nahiko aspergarri klonikoa da egun batetik bestera, baina ekonomia ofizialak bizi egiten gaitu, hain da ezustekoa egunik egun! Aspertzeko betarik ez! Beste gauza bat da ulertzea, eta horretan ostiarik ere ez. Zin dagit. Amen. Horra, kasurako, azken banku zer horrena; osasun publikotik sendatuko diote zor-mina, gero, onbideratuta dagoenean, berriro ere osasun pribatuaren esku jartzeko, bere fruituak orduantxe eman ditzan, eta paradisu fiskaletan babestu ditzaten. Ama, ama! zeinek ulertu? Interbentzionismoa zor-min aldietan baino ez, zor-mina publikoari lekualdatu arte, gero euro-bizia merkatu librean. Horixe bai bankuen sor-marka!
Bankarien perspektibatik ulertzekoa da kontinente zaharrean izaten ari diren hauteskundeek buruan duten Europarentzat dakarten traba. Traba, oztopo, arazo, galga. Zelan da posible han-hemen erreforma eta doitze neurri-agenda bidezkoaren aurka bozkatzea? Atrebentzia gero! Zer ote du buruan europar jende horrek botoa ematean? Ene, ene! hezkuntza sistemaren porrotaren seinale. Pentsatzea ere kaletar arruntek pentsa dezaketela! Zergatik ezin dute arruntok ulertu kontu-garbitzeak ez direla bakarrik mafiaren esparrura mugatzen, ekonomian ere beharrezkoak direla ekonomia osasuntsua izan dadin, paradisu fiskaletako spa modukoetan.
Ez dakit nork sortu zuen mundua, baina Jaungoikoa izan bazen, putakeria ederra utzi zigun euskaldun jendeari. Kawen! Lurrak mugatu zituenean, Euskal Herria Europari lotuta utzi! Hori ote da kudeatzaile ona izatea?. Horretarako ez zuen atseden egunik zertan hartu, demontre! Uharte behar genuen izan, demonio! Islandia lez uharte. Herrialde guztiak uharte balira, planeta zoriontsuagoa izateko aukera eskura izango genuke guztiok, utopiako artxipelagoa. Bankuak desjabetuta, aktibo onak Kutxatan gorde, merkatu gabe azokak nonahi, gomazko pilota zaharrak frontoietan higatu arte, eta zero zabor. Baina horretarako gaur-gaurkoz hauteskundeak behar.