Pello Urzelai 2012/5/9
Etsaitasunaren logika
berria
Bost epaile Auzitegi Goreneko tribunalean. Hiru, zigortzearen alde. Bi, kontra. (...) Bi boto partikular horien uztarketak ongi islatzen du zein den auzi honen mamia: zigorraren atzean etsaitasuna dago, eta etsaitasuna dagoelako zantzu frogak ez dira behar bezala aztertu, eta horrek ahalbidetu du zigorra.
Barreiro magistratuaren boto partikularra sendoa eta argigarria da, akusatuen babes helegitearen oinarri ezin hobea. (...) magistratu honek gogora ekarri duenez, Estrategia eta Fase Politikoaren Argipena dokumentua erabat lotua agertzen da ondoren etorri zirenekin: Altsasuko agiria, Zutik Euskal Herria, Lortu Arte, Gernikako Akordioa edota Euskal Herria Ezkerretik. «Beraz, kasu honetan gertaeren bilakaerak arrazoia eman die defentsen tesiari, eta ez akusazioenari».
Tribunalaren gehiengoa osatzen duten hiru magistratuek Auzitegi Nazionalaren zigorra babesteko ahalegina egin dute, hark ondorioak lortzeko modua sakonki aztertu gabe. Tribunalak atzo kaleratutako epaian bada isiltasun esanguratsu bat: gehiengoaren epaiak ez du Mugarri txostena aipatzen. Barreiroren boto partikularrak, ordea, nabarmentzen du Mugarri txostenak bai defendatzen zuela borroka armatuaren beharra, ETAren tesiarekin bat eginez, eta, Argitzen txostenak, aldiz, bide baketsua.
Beraz, Arnaldo Otegi, Rafa Diez, Miren Zabaleta, Sonia Jacinto eta Arkaitz Rodriguezi seina urteko kartzela zigorra ezartzea ezin da azaldu etsaitasunaren logika aplikatuz ez bada. Egun, 2012an, etsaitasunaren logika aplikatzeak badu esanahi jakin bat, duela gutxi Jorge Diaz Fernandez Barne ministroak (Rubalcaba Barne ministro ohiaren ildotik), adierazi zuen bezala: «Behar beste buru argitasunez jardun behar dugu balak ez dituzten pertsona hauek botoak ere ez ditzaten ukan». Gako horren arabera ulertzen da Estatuaren sektore nagusiaren jarduna; independentismoaren indartze elektorala oztopatzea, nola edo hala. Garai berrirako pisuzko bost aktibo politiko preso atxikiz, Egiaztatze Batzordearen lanari ez ikusiarena eginez, elkarrizketa teknikoari uko eginez edo presoen egoera blokeatuz. Estrategia horren bumeran eragina gutxiesten ari dira.