GARA > Idatzia > Iritzia> Gaurkoa

Andoni Olariaga Filosofian lizenziatua

Zer da nazioa?

«Nazio» kontzeptuaren errepaso historiko arina egin ondoren, euskal nazioaz dihardu Olariagak artikulu honetan. Historikoki euskal nazioa gehienbat hizkuntzarekin definitu da, baina «errealitatean, nazioa zer objektuk definitzen duen ez dago absolutuki esaterik», dio. Arriskutsuak omen dira nazioa eta bertako kideak ezaugarri batekin identifikatzen dituzten planteamenduak, eta beste faktore baten garrantzia nabarmentzen du, borondatearena, hain zuzen.

Euskal Herrian, ohikoa bihurtzen ari da kontzeptu eta ikuskera berriekin gure herriko afera intelektual eta politikoak birplanteatu nahi dituzten gazteak gutxiestea, eta are ohikoagoa horien ekarpenei harrokeriaz, gurasokeriaz eta mespretxuz erantzutea. Ezagun da, «Nabarralde»ren diskurtso eta parafernalia guztia onartzen ez baduzu, «konplexuduna», «subordinatua», «historiaren mespretxatzailea», «filosofo berdea», «ingenuoa», «bizantinoa»... zara. Euskaltzale hainbaten planteamenduak onartzen ez badituzu, espainiar inperialismoak kolonizatuta zaude. Pako Aristik, duela gutxi, «gizarajoak», «ezjakin totalak», «nagiak»... eta abar adjektibo oparitu dizkio «karrera unibertsitarioa ikasitako posmodernoari», «unibertsitateak ez duela jendea azkarragoa egiten» azpimarratuz. Joseba Ariznabarretak, duela gutxi emandako hitzaldi batean, zeharka eta mespretxuz aipatu du «ez dakit ze blogetik» egiten diren kritikak. Bejondeizuela, intelektual dinosauroak! Txakurrek bezala, norberaren lurraldea txizaz ondo markatu behar da, ea gazte horiek hezurraren puska bat kenduko ote diguten, gero! Gure herriak gazteon ekarpenak behar dituela esaten da gero...

Ez naiz horretan gehiago luzatuko, ez baita eztabaidagaia. Izan ere, nazioaren eta abertzaletasunaren birplanteamenduak dira gure herrian hainbesteko katramilen iturburu. Zertaz ari gara? Zein da eztabaida? Nazioa zer da? Errepaso arina eginez gero, hizkuntzarekin berdindua ageri zaigu ia beti nazioa historian. Erdi Aroan, nazioa hizkuntza komunitatea zen. Modernian, monarkia berriak finkatu ahala, klase sozial berriak, aristokraziak, natio deitu zion bere estamentuari. Ondoren, gezur akademiko handi bat izan da nazioaren bi teoria daudela azpimarratzea, bata etnizista (alemaniarra) eta bestea demokratikoa (frantsesa). Izan ere, Renanen nazioaren kontzeptuan historia arraza linguistikoek egiten dute: nazioaren ikuspegi arrazista eta estatalista da berea funtsean, boluntarismoaren aitaponteko gisa aurkeztu nahi izaten diguten arren. Humboldtentzat aldiz, nazioaren ezaugarri behinena hizkuntza da: hizkuntza eta nazioa elkarrekin jaiotzen dira, baita bata bestearekin hil ere. Aldiz, nazioa borondateak egituratzen duela azpimarratzen zuen hark. Ezaguna da, bestalde, moderniatik hona garatu diren beste bi ikuspegi, horiek jada nazioaren kontzeptu politikoari (nazionalismoari) lotuak: batetik, Benedict Andersonek nazionalismoa inprentaren sorrerari lotu zion; eta bestetik, merkatu nazionalen sorrerak eragindako beharrei erantzuteko xedez, herrietako eliteek (burgesiak) bultzatu zuten kultura nazionalaren bateratze gisa azaldu du nazionalismoa Ernest Gellnerrek.

Historia albo batera utziz eta mamira joanez, nazionalismoek nazio antropologiko ideala zedarritzen dute. Hau da, Euskal Herria da euskararen herria, edo Euskal Herria da Nafar Estatuaren nazio kulturala. Gure kasuan, historikoki nazioa hizkuntzarekin definitu da batik bat (Irlandak erlijioarekin identifikatu zuen, esaterako). Baina errealitatean, nazioa zer objektuk definitzen duen ez dago absolutuki esaterik; izan ere, nazioa kontzeptu historikoa den heinean, kontingentea da. Maila antropologikoan, nazioa, identitate kolektiboa izanik, identifikazioak zedarritzen du. Eta arrisku handia dago nazioa eta bertako kideak ezaugarri batekin identifikatzen dituzten planteamenduekin. Borondatea bigarren maila batean jartzen duten planteamenduek «Larramendi ohartu zenez, gaztainondoak definitzeko balio dute, ez gizakia eta haien kulturak». Ez «dute zerikusia giza borondatearekin, haren aktibitate sortzailearekin, ezta harekin ehundutako historia aldakorrarekin» (Joxe Azurmendi. «Esencia y esencialismo». Análisis de un concepto. 164. orria).

Dena den, nazioaren definizio antropologikoarekin lotua dago, nahiz eta beste esfera batean, nazioaren kontzeptu politikoa, nazionalismoa, abertzaletasuna edo independentismoa. Eremu horretan definizio antropologikoek (euskalduna da euskaraz dakiena) ez dute lekurik: proiektu politiko batean helburu politikoak dira axola dutenak, etorkizunak, hortaz. Eta, hain zuzen, helburu politikoek balio antropologikoen zerbitzuan egon behar duten bezala, balio sozial eta politikoen zerbitzuan ere egon behar dute. Horregatik, nazioaren definizio antropologiko idealean, nazioa ezaugarritzen duen mamia (euskara) eta axala bereiztea logikoa da, Joxe Manuel Odriozolak egin duen bezala. Baina abertzaletasunean, identitate kolektibo antropologikoa eta politikoa lotuak badaude, eta gure helburua kolektibo antropologiko (nazio euskalduna) horren etorkizuna (politikoa) izanik, pentsatzekoa da planteamendu politikoa kolektibo horretan parte hartzeko borondatea daukatenekin partekatzea izango dela, ez ezaugarri antropologiko jakin bat (euskara, adibidez) daukanarekin. Horregatik, politikoki, Odriozola oker da, nazio antropologikoa eta politikoa nahasten baititu. Izan ere, tamalez, euskara ez da ekintza politikora mugitzen duen motibatzaile indartsuena (hobe hala balitz!).

Nazioa eta bere etorkizuna (politikaren terrenoan baikaude) jendearen sinesmenean, imajinarioan eta borondatean datza. Borondate eta imajinario hori elikatzea da, hain zuzen, motibazio politiko anitzen aldarri eta sinbolismo guztiek egiten dutena; alegia, helburu politiko (independentzia) baterako nahia piztea eta areagotzea. Puntu horretan egozten digute gure planteamendua arrazionalistegia dela, historia erdeinatu, euskara bigarren plano batean utzi eta gure herriko sinboloak mespretxatzen omen dituelako. Falazia hori albo batera utziz, planteamendu arrazionalista eta bizantinoa, hain zuzen, hau da: «Nafar estatuaren berrezarketa logikoa eta justiziazkoa litzateke, Europaren oreka geopolitikoa berreskuratzea litzatekeelako. Horretarako ez da behar nazio eraikuntzarik, bahitu zuten estatu nazionalaren askapena baizik» (Pako Aristi. «Gezur handi bat». «Berria». 2012-05-06). Ariketa logiko hori superstizio bat da, aurresuposatzen baitu uzta bildu dezakegula erein ez dugun tokitik. Azken finean, gure egungo erantzukizun, erabaki eta borondatea historiara desplazatu nahi ditu, emaitza politikoak lortzeko asmoz. Baina hor ez dago zer berreskuratu, gaur egun dagoenetik partitu eta eraiki behar da. Izan ere, «nazioa ez da izate bat, egite bat baizik. Ez dago aldez aurretik determinatua. Politika egitea, etxea eraikitzea bezala, gogoa eta jarduna da. Eraikitzen ez den artean ez dago ezer, zentzu politikoan behintzat. Euskal nazioa ez da eginda dagoen zerbait, egiteko dago» (J. Sarrionandia. «Moroak gara behelaino artean». Pamiela, 511.orria).

Egia da, borondatea ez da guztiz libreki ematen edo hautatzen, prozesu sozial konplexuen bidez eratzen dira borondate partikular eta kolektiboak. Hala ere, gizakiari askatasuna aurresuposatu nahi badiogu, determinismo sozialak ere albo batera utzi beharko ditugula dirudi. Nazioa, borondatearen bidez eraikitzen den zerbait bada, Joxe Mari Esparzak esan bezala, «ese debate, y su lucha constante por mantener su identidad es lo que ayuda a construir esa nación, mucho más que la añoranza del castillo de Loarre. Que este territorio al final se llame Estado Navarro, Euskadi o Euskal Herria dependerá más de voluntades políticas que de datos históricos» (Joxe Mari Esparza. «La raya de nuestro país». 2012-01-08). Horixe ba.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo