Langileen arazoei erantzuteko, lekuko tresnak sortu behar direla dio LABek
«Langileek bertan erabaki!» aldarrikapen orokorraren inguruan, LABek Ipar Euskal Herriko langileen arazoei aurre egiteko landu dituen proposamenen berri eman zuen atzo. Sindikatuaren ustez, egungo erabakiguneek ez diete beharrei erantzuten eta ezinbestekoa da lekuko tresnak sortzea. Egitura sozioekonomiko iraunkorra eta negoziazio kolektiboentzako gunea sortzeko proposamena egin du. Lurralde elkargoaren gaineko eztabaida ere izan zuten hizpide.
Ainize BUTRON | BAIONA
LAB sindikatuak urtebeteko hausnarketaren emaitzaren berri eman zuen atzo; hain zuzen, Ipar Euskal Herriko, bai eta Euskal Herri osoko langileen beharrei erantzuteko datozen urteei begira landu duen proposamenaren berri. Militante, lekuko ordezkari politiko eta eragile sozialei egin zien atzoko aurkezpenean parte hartzeko gomita, eta LABeko kideekin batera, CGT eta CFDTko ordezkariak, EHBaiko hautagaiak eta Sylvianne Alaux Alderdi Sozialistako kontseilaria izan ziren agerraldian.
«Langileek bertan erabaki!» mezu orokorraren inguruan, langileek gaur egun pairatzen duten egoerari aurre egiteko «aterabideak, hemen bertan» daudela aldarrikatu zuten LABeko ordezkariek. Estatu frantsesean dauden «lege berriak», eta «egoera politiko berria» kontuan harturik, beste aukera bat posible dela uste du sindikatuak. «Ezin dugu beste 30 urte itxaron: egoera sozioekonomikoari baikorki erantzuteko tresnen ukaiteko bitartekoak gaurdanik sortu behar ditugu», nabarmendu zuten.
Tresna horien artean, bi ezinbestekotzat jo zituen Eñaut Aramendi LABeko kideak: egitura sozioekonomiko iraunkorra eta negoziazio kolektiborako gunearen sorrera.
«Ipar Euskal Herriaren ezagupen ezak, koherentziaz antolatzeko aukerak kentzen ditu», gogorarazi zuen Aramendik. Gaur egun, erabakiak Akitaniako Kontseilu Nagusian hartzen dira, eta ez die, LABen ustez, lekuko «beharrei erantzuten».
Lapurdiko kostalde eta barnealdearen arteko desoreka areagotzeaz gain, autogestiorako aukerak murriztu, Euskal Herri osoko lurraldeen arteko harremanak itxi eta Ipar Euskal Herriari buruzko benetako hausnarketa egin ahal izateko datuak ukaiteko aukerak ere murrizten dituela nabarmendu zuen.
«Krisiari aurre egiteko Estatuak daraman politikak Ipar Euskal Herriko egoera larritzen du», gaineratu zuen. Egoera horretan, sindikatuak Garapen Kontseiluaren baitan lurralde elkargoari buruz ireki den eztabaida ekarri zuen gogora, lekuko «herritarrentzat onuragarria» izanen litzatekeela nabarmenduta. Arlo horretan egin nahi ditu proposamen horiek LABek.
Egitura sozioekonomiko iraunkorraren lehen urratsa Ipar Euskal Herriari dagokion diagnostiko sozioekonomikoa eratzea izanen da. Negoziazio kolektiboen guneak, berriz, hainbat funtzio izanen lituzke: Estatu mailako hitzarmen kolektiboak hobetzeko eta hitzarmen kolektibo lokalak negoziatzeko lekua eta eskubide berriak lortzeko lekua izatea. «Hamaika langile baino gutxiago dituzten enpresetan ordezkariak izateko aukera emanen luke», argitu zuen LABek.
Ipar Euskal Herriko enpresen egoeraren berri eman zuen LABek. Besteak beste, lekuko enpresa gehienak txikiak direla gogorarazi zuen eta, legeak hala arautzen duela-eta, askotan sindikatuetako ordezkaririk ez dela enpresa horietan.
LABek atzo Baionako Unibertsitatean egindako aurkezpena bere hausnarketa ezagutarazteko lehenengo urratsa baizik ez da izan. Bertan, Ipar Euskal herriko alderdi politiko, sindikatu eta jendarte zibilarekin beraien proposamenaz eztabaidatzeko aukera eman zuten. Atzoko ekitaldiaren ondotik, LABek proposamen horiek langile guztiei ezagutarazteko asmoa duela jakinarazi zuen. Lekuko sindikatu guztiekin gai horretaz eztabaidatzeko ordua iritsi dela nabarmendu zuen Eñaut Aramendi sindikatuko kideak. «Langile mugimendua azkartzeko, ezinbestekoa da enpresaz enpresa antolatzea eta nagusiaren aitzinean indar harremana garatzea, datozen erreformen aurka aritzeko. A.B.