Parisen UMPk gehiengoa izatea espero duela esan du Alliot-Mariek Biarritzen
Hauteskundeak galdu berri dituen Nicolas Sarkozyren lana eta kanpaina onetsiz aurkeztu zuen Michele Alliot Mariek datorren ekainaren 10 eta 17ko legebiltzarreko hauteskundeetarako bere hautagaitza.Ainize BUTRON | BIARRITZ
Michele-Alliot Marie, Nicolas Sarkozy presidente frantses ohiaren agintaldian ministro izandakoak berriz ere diputatu izateko hautagaitza aurkeztu zuen atzo. Alliot-Mariek Biarritz aukeratu zuen bere kanpainaren aurkezpen ofiziala egiteko. UMP eskuineko alderdiko lekuko agintari politikoez inguratu zen horretarako; horien artean, Max Brisson Departamenduko alderdiko idazkari nagusia, Paul Baudry eta Peyoco Duhart Basusarri eta Donibane Lohizuneko auzapezak zeuden.
Biarritzetik Luhusoraino, besteren artean, Donibane Lohizune, Senpere, Hendaia, Itsasu eta Kanbo herriak biltzen dituen 6. hauteskunde-barrutian izanen da hautagai Michele Alliot-Marie, datorren ekainaren 10 eta 17an iraganen diren Legebiltzarrerako hauteskundeetan.
Bere hautagaitza, Nicolas Sarkozy eramandako lana eta kanpaina onetsiz aurkeztu zuen donibandarrak, eta François Ho- llande frantses presidente berriak aurkeztu dituen «hondamendiko neurriak» oztopatzeko, Legebiltzarrean eskuinak gehiengo politikoa lortu behar duela nabarmendu zuen.
«Sarkozyren aldekoek Legebiltzarrean gehiengo politikoa izatea garrantzitsua da, eraman duen politikak ondoko hilabeteetan ekarriko baititu bere fruituak. Hollanden proposamenek Estatuaren zorrak areagotu baizik ez ditu eginen», nabarmendu zuen.
UMP alderdiak, Ipar Euskal Herrian izandako emaitza txarrak aipatzean, Alliot-Mariek Estatu mailan izandakoa ekarri zuen gogora, bi hautagaien artean boz aldea milioi batekoa baizik ez zela izan erranez. «Sarkozyk oso ongi atxiki du Hollanden aurrean».
AHT eta lurralde elkargoa
AHT eta lurralde elkargoa gaiak ere aipagai izan zituen donibandarrak. Betidanik AHTren aurkako jarrera izan duela gogorarazi zuen, lehenik, eta berriki, ibilbidearen inguruan sorturiko polemikari dagokionez, ministerioan gertakaria aztertzen ari direla argitu zuen.
Lurralde elkargoaren gainean ireki den eztabaidari dagokionez, Alliot-Mariek ez zuen alde edo aurka dagoenik zehaztu. Halere, eskumenen inguruan sortzen den arazoa gogora ekarri zuen. «Departamenduak eta eskualdeak eskumenak emanen dituzten jakin behar da».
Horrekin, prozesua luzea eta konplikatua izanen dela esan zuen. Michele Alliot-Marieren ordezkoa, Vincent Bru, Kanboko auzapeza izanen da. Bru zentrista dela azpimarratu zuen hautagaiak.
«Nire hautagaitza batasunaren hautagaitza eta ahal bezain zabala izatea nahi izan dut», bukatu zuen.