Eusko Legebiltzarreko taldeek bere jarrera onartezina dela azaldu diote Arantza Quirogari
Iragan ostiralean, Juanjo Agirrezabala EAko legebiltzarkideak prentsaurreko bat eman zuen Parlamentuko prentsa aretoan, Urretxuko alkate Oihane Zabaleta eta Amurrioko zinegotzi Mariano Alavarekin batera; azken biak, Bilduko ordezkariak. Legebiltzarra sortu zenetik, ehunka lagunek egin dute hori bera, baina agerraldi hau zalapartatsua izan zen, Parlamentuko presidente Arantza Quirogak Agirrezabalari esan baitzion beste bi hautetsiek prentsaurrekoan parte hartzeko baimenik ez zutela, horretarako inolako arrazoirik eman gabe. Gainera, agerraldia bukatutakoan, Quirogak parlamentari abertzaleari mehatxu egin zion, ez zuelako bere agindua bete. Orduan, agerian geratu zen presidentearen jarrera despotikoa, adierazpen askatasunaren kontrakoa, eta atzo ganberako taldeek eurek nabarmendu zuten jokamolde hori onartezina dela. Izan ere, PPk izan ezik, gainerako talde guztiek jazotakoa salatu eta babesa eskaini zioten Agirrezabalari.
Oso leku txarrean geratu dira Quiroga eta bere alderdia, eta legealdia bukatzeko gutxi falta den honetan, hobe lukete gertatutakoaz irakaspenen bat ateratzea, Parlamentuan horrelako jarrera lotsagarririk errepika ez dadin.