GARA > Idatzia > Kirolak> Errugbia

European Challengeko finala

Heineken Kopa jokatzeko azken aukera izango da

Biarritzek datorren urtean Europako lehiaketarik garrantzitsuena jokatzeko, finala irabazi beharko du.

p036_f01_097x157.jpg

Jon LEUNDA

Biarritzek denboraldia txukuntzeko aukera paregabea dauka, baina horretarako etzi Touolonen aurka jokatu behar duen European Challengeko finala irabazi beharra dauka. Horrekin, titulu batekin amaituko luke denboraldia, eta aldi berean, datorren urtean Heineken Kopa jokatzeko txartela eskuratu ahal izango luke. Partida etzi jokatuko da 21.00etan, Ingalaterran, Twickenham estadioan.

Atzo agertu ziren entrenatzaileak eta jokalariak hedabideen aurrean, eta denak ilusioz gainezka daude. «Europako final bat da, ez da Heineken Kopa, baina hemen ere titulu bat dago jokoan, eta beti da garrantzitsua», esan zuen taldeko entrenatzaile Patrice Laguisquetek. «Gainera, denboraldia txukuntzeko aukera dugu, aldi berean Heineken Koparako sailkatuz. Uste dut gauza asko ditugula jokoan finalean», gaineratu zuen lapurtarren entrenatzaileak.

Aurtengo denboraldian gertatu denaren gaineko iritzia ere eman zuen Laguisquetek: «Gauzak ez dira batere ongi joan. Gaizki hasi ginen, eta ezin genuen bururik altxatu. Horrek berak presio handia ezartzen zien jokalariei, eta zuloan sartu ginen. Taldeak presio hori askatu zuenean hasi ziren emaitzak heltzen», esan zuen Laguisquetek. «Orain, uste dut une onean heltzen garela. Jokalariek indarra hartu dute, eta guretzat hau da denboraldiko unerik onena», berretsi zuen.

Jerome Thion da taldeko kapitainetako bat, eta berak argi eta garbi utzi zuen ezin dutela hutsik egin: «Egin dugun denboraldia txarra izan da, ez da besterik. Orain aukera daukagu hau konpontzeko, jokalariok badakigu hori, eta finala irabazi nahi dugu. Hau ere garrantzitsua da, eta sasoia ongi amaitu nahi dugu. Gainera, sari berezia ere badugu, Heineken Kopara sailkatuz, eta ezin dugu alferrik galdu», esan zuen.

Egin duten lanarekin nahiko kritiko agertu zen Thion: «Denboraldi txarra egin dugu. Horren arrazoiak bat baino gehiago izan direla uste dut. Jokalari asko joan zitzaizkigun Munduko Txapelketara eta horrek nabarmen egin zigun kalte. Gero, gaizki hasi ginen, eta bazirudien Munduko Txapelketan zebiltzanak itzulitakoan buelta emango geniola, baina orduan kolpekatuak agertzen hasi ziren geure taldean; lesio asko izan genituen. Horrek zuloan sartu gintuen, eta gero zaila izan da hortik irtetea. Azkenean konfiantza berreskuratzen hasi ginen, ahal genuela pentsatuz, eta mailari eutsi diogu. Orain, final bat jokatu behar dugu», esan zuen.

Zuri-gorrien kapitainak badaki Toulon aurkari gogorra izango dela, baina haientzat Biarritz ere horrela izango dela dio: «Toulon talde handia da, eta hori Ligako final-laurdenetara sailkatuz erakutsi du. Haiek, ordea, ez daukate final hau bakarrik, Ligan ere aurrera jarraitzen baitute, eta guretzat, berriz, denboraldiko azken partida da, eta hori ere kontuan hartu behar da. Toulonen aurka Ligan jokatutako partidek ez dute honekin zerikusirik izango. Hau final bat da, partida bakarrera eta Ingalaterran. Uste dut, biok ditugula aukerak», onartu zuen Thionek. «Biarritzentzat titulu bat lortzeko zorian gaude, eta ezin dugu aukera hori alferrik galdu», esan zuen Imanol Harinordokik.

Azken partida

Etzikoa izango da Biarritzek aurtengo denboraldian jokatuko duen azken partida. Toulonek, aldiz, datorren astean ligako final-laurdenak jokatu beharko ditu.

Bolada ona

Biarritzek denboraldi txarra egin du, baina zuri-gorrien talde arentzat finala oso une onean dator, hauxe baita lapurtarrek denboraldi honetan duten joko boladarik onena.

Lehen finala izango da Hegirentzat

Etziko finala berezia izango da Hegirentzat. Lapurtarra aurten iritsi da Aviron taldetik Biarritzera, eta bere lehen final handia jokatuko du. «Egia esan, ilusioa egiten dit. Ez nuen maila honetako final bat inoiz jokatu, eta aukera daukat jokatzeko. Talde barruan ere gogo eta itxaropen handia dago, denok goaz Ingalaterrara irabaziko dugun itxaropenarekin», adierazi zuen.

Aranaudek ongi ezagutzen du aurrean izango duen taldea, baina ez dio kezka berezirik sortzen: «Toulon talde handia da, ez dago dudarik, baina uste dut guk ere horrelakoa dugula. Finala partida bakarrera da, eta edonork irabaz dezake. Beraiek, gainera, Ligako final-laurdenak jokatu behar dituzte, eta guretzat azkeneko partida da denboraldi honetan. Hori ere geure aldekoa izan daiteke», esan zuen Arnaud Hegik. «Gainera, orain oso bolada onean gaude, guretzat hau da denboraldiko unerik onena», gaineratu zuen. Biarritz ez da bakarrik izango Londresen. Ostiral iluntzea ez da egunik onena jendearentzat, baina asko izango dira ostiral goizean bertarako hegazkina hartuko dutenak. J.L.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo