Errolda aldatzeko planak PPren beldurra islatzen du, ezker abertzalearen hitzetan
PPk «errolda manipulatzeko» agertu duen asmoak «gure herriak bere borondatea era aske eta demokratikoan adierazteari dioten beldur itzela agerrarazten du», ezker abertzalearen esanetan.GARA | DONOSTIA
Euskal Herritik kanpora joandako hainbat laguni boto eskubidea emateko PPk agerturiko asmoak ika-mika eragin du. Ezker abertzaleak atzo esan zuenez, honekin hauteskundeei dien «beldur itzela» agerian uzten du Mariano Rajoy eta Antonio Basagoitiren alderdiak.
Bien izenak aipatzen ditu prentsa-ohar baten bidez, eta hau gaineratzen du: «Ez dute gure herriarentzako etorkizuneko eskaintzarik eta ondorioz ideia eta proiektuen konfrontazioari beldur itzela diote. Badakite esparru horretan oso ahulak direla, bai argudioetan bai eta herri babesean ere. Demokraziari dion beldur hori da `putxerazo' berri bat antolatzeko PPren asmoaren ardatza».
Euskal Herritik alde egin duten pertsonei buruzko hausnarketa egiten du ezker abertzaleak, lehenik eta behin: «Gatazka politikoa eta gatazkaren ondorioak gainditzearen ikuspegitik, gatazka politikoaren ondorioz Euskal Herritik alde egin behar duen pertsona orok izan behar du aukera eta eskubidea bere herrira itzultzeko. Eskubide guztiekin. Multzo honetan kokatzen ditu ezker abertzaleak ETAren jarduera armatuaren ondo- rioz Euskal Herria uztea erabaki dutenak, bai eta errepresioaren ondorioz ihes egin duen pertsona oro ere». Hala ere, PPren egitasmoak horrekin zerikusirik ez duela salatu du: «Ez du konpon- bide prozesuan ekarpena egiteko bokaziorik, gure herriko errealitate soziopolitikoa manipulatzekoa baizik».