Naia Lacroixek gose greba utzi du, bakartuta ez dela egongo agindu diotelako
Gradignanen dagoen Naia Lacroix preso senperetarrak gose greba utzi du, beste euskal preso batekin jarriko dutela hitzeman ostean. Hori bai, Euskal Herritik askoz urrunago dagoen espetxe batera eramango dute.Arantxa MANTEROLA | SENPERE
Joan den otsailean espetxeratu zutenetik pairatzen duen bakartze egoera salatzeko hainbat borroka ekintza egin ditu Naia Lacroixek. Azkena, hiru astez mitardean igaro ostean, maiatzaren 14an abiatu zuen gose greba. Atzo, Senperen egindako agerraldi jendetsuan, baraualdia bertan behera utzi duela jakinarazi zuen Herrirak.
Espetxeko arduradunek beste presondegi batera eramango dutela eta han ez dela bakartuta egongo hitzeman ostean, erabaki zuen preso senperetarrak bere borroka amaitzea.
Alta, bere osasuna jokoan ez dagoela jakiteak lagunei eta familiari lasaitasuna ekarri badie ere, Emilie Martinek eta Gabi Mouescak adierazi zuten sakabanaketa politika, bakartzearena bezala, «onartezinak» direla. Are, egungo testuinguru politikoan, «arduragabea» ere badela gaineratu zuten, eta agintari eta arduradun politikoei «errepresioa amaitu eta bake prozesua bultzatzen» ahalegindu daitezela eskatu zieten.
Mozioa onartua
Hain zuzen, prentsaurrekoan parte hartu zuen Christine Bessonart auzapezak egoera politikoa hizpide izan zuen. Astelehenean Senpereko udalbatzaren gehiengo zabalak onartu zuen mozioaren harira, honakoa gaineratu zuen: «Hautetsia naizen heinean, nire herritarren egoeraz kezkatu eta jarrera bat hartu behar dudala deritzot. Halere, alde humanitarioaz harago, arrazoi juridikoak eta politikoak bereziki aipatzea nahi izan dut. Batetik, Naiari ere errugabetasun presuntzioa zor zaiolako; eta, bestetik, egungo testuinguru politikoan giroa baretu, -adibidez sakabanatze eta bakartze neurriak amaituz- eta aukera probestu beharko litzatekeela uste dudalako».
Janine Beyrie Etxerateko kideak adierazi zuenez, espetxeetako zuzendaritzaren erabakiak sentsazio gazi-gozoa eragin die. «Ezin dugu `garaipen' moduan hartu. Izan ere, egun euskal presorik ez dagoen Dijon eskualdeko kartzela batera eramango dutela esan diote. Horrek esan nahi du beste norbait lekualdatuko dutela hara, Euskal Herritik 871 kilometrora, eta haren familiak ere urruntze handiagoa pairatuko duela. Horrekin, Naia eta beste presoen kezka areagotu egingo dute, senide eta lagunek bisitara joateko egin behar duten bide luzearengatik», azaldu zuen.
Estatuaren «jokamolde zital hori ohikoa» dela gogoratu zuen, «ezin baitute jasan presoek beren eskubideak aldarrikatzea». Egoera aldarazteko eta «aski» dela esateko tokiko hautetsien inplikazioak duen garrantzia nabarmendu zuen Beyriek. Senpereko hautetsi aber- tzaleez gain, beste herrietako zinegotzi batzuek eta militante eta lagun mordoak hartu zuten parte atzoko prentsaurrekoan.
Naia Lacroixen familiako sendagilea ere bertan izan zen, gose greba baten ondorioak larriak oso izan daitezkeela -eta are gehiago egarri grebarenak- azaltzeko.