Egiptoko hauteskundeen ondorengo zalantzak
Gaur eta bihar egiptoarrak beren herrialdeko presidentea aukeratzeko hauteskundeetara deituta daude. Ez da batere erraza bozketaren balizko emaitzaren iragarpenik egitea, baina aukera handiena duten hautagaiak lau dira, bi islamdar, Abdel Moneim Abul Futu eta Mohammed Morsi, eta aurreko erregimeneko bi ministro, Amr Musa eta Ahmed Shafik jeneral ohia. Baina irabazlearen izenaz gainera, jakiteko dago zein izango den hauteskundeen osteko Armadaren jokaera. Zalantzarik gabe, presidente berria aurreko erregimenetik datozenetako bat izango balitz, Armadaren paperak bere horretan jarraituko luke; hau da, militarrek eragin politiko nabarmena izaten jarraituko lukete. Islamdar batek irabaziko balu, berriz, haren asmoa Armadaren zeregina gutxienez Defentsara mugatzen saiatuko litzateke. Hala ere, ez dago batere argi asmo hori arazorik gabe gauzatzeko aukera. Egiptoko Armada trantsizioaren kudeatzailea izan da, eta egonkortasunaren eta egiptoarren arazoei aurre egiteko berme gisa aurkezten du bere burua. Baina badu, halaber, aurreko erregimenean zuen eta oraindik ere baduen botere politiko eta ekonomiko ikaragarriari eusteko interesa; horregatik, ez dirudi botere horri hain erraz uko egingo dionik. Udaberri arabiarra delakoak argi gutxi eta zalantza asko uzten jarraitzen du.