Aitor Irigoien Odriozola Enpresen Administrazio eta Zuzendaritzan lizentziaduna
Eskuin muturra
«Gorrotoa zama astuna da. Ez du merezi. Bizitza laburregia da denbora guztia amorratuta, haserre ibiltzeko», «American History X» filmaren amaierako esaldiaren oihartzunak gero eta ahulagoa dirudi
Biziberritu egin zait 1998 amaierako amesgaiztoa. Denbora igaro arren, ongi oroitzen dut Anoetako partidu hura: UEFAko final zortzirenetako joanekoa, Reala eta Atletico Madril aurrez aurre. Hamabost urte nituen, eta aitarekin nintzen estadioan, hogeigarren minutuan Atleticoko zale kaskamotz talde handi bat oihuka sartu zenean: Espainiako konstituzio-aurreko banderekin, svastikekin, eskuin besoak altxatuta agur nazia eginez... guztia Ertzaintzaren babespean. Liskarra nahi zuten antza, eta egun hartan egin zituzten mehatxuak errealitate bilakatu ziren, zoritxarrez, 15 egun geroago: Aitor Zabaleta realzalea erasota eta eraila. Sinestezin bezain tristea. Estatuko justiziaren erantzuna bezala.
Aurtengo UEFAko finalean, talde bereko zaleak konstituzio-aurreko bandera berberak zabalduta ikusteak, duela 14 urteko hotzikara garratz hura sentiarazi zidan berriro, eta kezka eragin. Are arduratuago jarri ninduen Frantziako hauteskundeetan Le Pen-en FN ultraeskuindarrak izandako igoerak: botoen %18 eta hirugarren indarra. Harrigarria, hauteskunde lema nagusia etorkin denak kanporatzea izanik. Greziako bozetan jazotakoa ildo berean doa, Egunsenti Urrekara alderdi neonaziak lortutako 440.000 boz (%6,7) medio. Bere hautagaiaren lehen agerpenak argi utzi du euren jarrera: «Liderrari» errespetua agertzeko kazetariak zutitzera behartzea, Grezia oihan bat bilakatu omen duten etorkinen aurkako mezuak, fondo beltzaren gaineko svastikaren oso antzeko ikur zuri handia...
Krisi ekonomikoak bizi baldintzak okertzea ekarri duen heinean, muturreko jarrerak berpizten ari direla dirudi, XX. mende hasieran legez. Hala, errazena da benetako erantzuleei aurre egin ordez, amorrua gizarte talde ahulenengana (erru gutxien dutenengana) zuzentzea.
Besteak baino gehiago sentitzea; pentsamendu, arraza desberdineko oro gorrotatu eta umiliatzea; arrazismoa; faxismoaren gorazarrea; taldeko jarrera oldarkorra... Europako gune askotan hedatzen doan zentzugabekeriaren, irrazionaltasunaren adibideak. Norberaren ahultasunak, ezintasunak eta arazoak estaltzeko aitzakia hutsalak. Gizarte batek (eta hezkuntzak) izan dezakeen porrotik handiena.
«American History X» filmaren amaierako esaldi gogoangarriaren oihartzunak gero eta ahulagoa dirudi azkenaldian: «Gorrotoa zama astuna da. Ez du merezi. Bizitza laburregia da denbora guztia amorratuta, haserre ibiltzeko. Ez dugu zertan etsai izan, kide baizik».