Haizea BARCENILLA Arte komisarioa
Hezkuntza euskaraz
Aurreko astean EHUko errektoreak eskutitz bat bidali zien langile guztiei bi ideia nagusi aurkeztuz: 2012-2013rako irakaskuntza-eskaintza planifikatua zegoen bezala mantenduko dela batetik; hala ere, legeak ezin direla ekidin, eta ondorioz, 2013-2014rako hezkuntza-erreforma ezarri beharko dela, bestetik.
Batzuen arabera, EHUk aukera erabiliko du irakasle talde handia kaleratzeko, enpresa-profesionalizazio eredura hurbilduz. Beste batzuek diote, aldiz, unibertsitateak nahiago duela urte hau hauteskundeen zain aldaketa handirik gabe igaro, hurrengorako erabaki definitiboak hartzeko, jada administrazio berrian bermatuz.
Edozein kasutan, 32 kreditutako irakaskuntza-karga ezartzen bada, kaleratzeak egongo dira. Hala bada, bi izango dira ondorioak: geratzen diren irakasleek fundamentuz ahal dena baino irakasgai gehiago emango dituztela; eta euskarazko irakaskuntza kolokan geratuko dela. Izan ere, mantenduko diren profilak funtzionarioenak izango dira, eta hauen artean askoz gutxiago dira elebidunak. Gazteenek egingo dute alde, hots, profil elebidunaren ehuneko altuena eskaintzen duen irakasle taldeak. Beraz, euskarazko irakasleak izango dira proportzioan lan gehien izango dutenak, okerren bete ahal izango dutenak eta irakasgai bakoitzari denbora gutxien eskaini ahal izango diotenak. Eta bi irakasgairen artean bakarra mantendu behar izatekotan, gaztelaniazkoa hautatuko da, ikasle guztiek parte hartu eta hau emateko irakasle gehiago egongo delako prest.
Beraz, euskarazko kalitatezko hezkuntza bat mantendu nahi badugu unibertsitatean, hobe dugu geure ahotsak ozen entzutea beranduegi izan baino lehen.