Buruz buruko txapelketa
Mikel Idoate: «Ez dut uste ezer txarrik egin dudanik»
Boleatan atxiki egiten duela entzun ondoren, Txantreako aurrelariak une txarrak igaro dituela onartu zuen baina ez du inolako polemikarik piztu nahi.
Jon ORMAZABAL
Bigarren urtez jarraian buruz buruko txapelketa nagusiko finalerdiak jokatuko dituen arren, larunbateko garaipenak aho zapore mingotsa utzi zion Mikel Idoateri. Hobeto esanda, partidak berak baino, partidaren ondoren esandakoek zapuztu zioten poztasuna Txantreako aurrelariari; izan ere, Asier Olaizola kexu azaldu zen, bere aurkariak jotako hamar boleatatik bederatzi atxiki izan zirela esanez.
Kritika horrek min egin ziola onartu zuen Aspeko aurrelariak Euskadi Irratiko Katedra saioan, baina kontzientzia nahikoa garbi omen dauka, eta gainera, ez du kalterik egin dakiokeen polemikarik sortu nahi gaiaren inguruan. «Igandean oso pozik jaiki nintzen, baina prentsan irakurritakoarekin eta Asierrek ere esandakoarekin une txarrak pasatu ditut, bai igandean eta bai astelehen goizean. Baina azkenean, gauzak hausnartu egin behar dira. Nik hausnartzea lortu dut eta pentsatzen dut ez dudala ezer txarrik egin. Batzuek esaten dute nik atxiki egiten dudala, nik ez dut uste egiten dudanik; eta batzuetan hobe da ezer ez esatea eta isilik egotea, bestela polemika gehiago sortuko litzateke eta uste dut niretzako hori txarra izango litzatekeela», azaldu zuen pilotariak.
Olaizola I.aren aurkako partida atzean utzi eta finalerdietan baino ez du nahi pentsatu Aspeko aurrelariak. Han Martinez de Irujo edo Xala izango ditu aurkari, eta berarekin entrenamenduren bat osatu ostean, Iberokoa oso indartsu ikusten du Mikel Idoatek. «Irujo oso ondo dago, txispa eta gogo handiarekin, denok dakigu Juanek zenbat jokatzen duen buruz buru eta uste dut faborito dela. Baina kontuz Xalarekin, egungo txapelduna da, eta edozein partida irabaz dezake, baita txapela ere», azaldu zuen aurrelari gazteak.
Material aukeraketa
Gaur goizean egingo da, Bilboko Bizkaia pilotalekuan, goizeko 11.30etik aurrera, larunbatean buruz buruko azken bi txapeldunak neurtuko dituen final-laurdenetako partidarako material aukeraketa.