Ramon Saizarbitoria «Martutene» nobelaz arituko da gaur, Literaktum jaialdian
GARA | DONOSTA
Ramon Saizarbitoria donostiarrak bere azken nobela izango du mintzagai gaur arratsaldean Literaktum jaialdian. Pasa den hilean kaleratu zuen «Martutene» (Erein) eleberri mardulak bikote harremanen konplexutasuna du oinarrian, eta GARAri kontatu zionez, hamar urte eman ditu liburua idazten eta azken biak «jai eta aste» egin ditu lan.
Hitzaldia San Telmo museoan izango da, 19.30ean hasita. Aurkezpen lanetan Markos Zapiain filologo eta filosofoa arituko da eta 90 minutuko iraupena izango duela aurreikusi dute. Sarrera doakoa izango da, eta aretoa bete arte utziko dute sartzen.
Nobela, tituluak dioen moduan, Donostiako Martutene auzoan kokatzen da, eta kontakizunean badago deskribapenerako joera bat: Donostiako historia, pasadizoak...
Zapiainek aurkezpenean esan zuenez, Saizarbitoriak «betiko gaiak landu ditu, baina baita ikuspuntu berri bat ere, orain artekoa bezain iluna ez den ikuspuntua».