GARA > Idatzia > Iritzia> Txokotik

Mikel Zubimendi Kazetaria

Plastizitatea helburu, korrupzioa ospatu

Beldurgarri ederra da martxan den hizkuntzen eboluzioa eta korrupzioa. Harritzen nau benetan. Krisia dela-eta, harrigarria da egunkari ekonomikoetako eta finantza zirkuluetako terminologia nola ekarri den lehen orrialdeetara, jargoi kurioso horren hitzak nola dabiltzan bolo-bolo taberna zuloetatik garraio publikoraino. Rating agentziak, AAA-rating kalifikazioa, credit crunch-etik erreskateak, Troikaren inspektoreak, zor toxikoak, prima de riesgo-ak, Friedmanen herstura versus Keynessen estimulua, eurobonuak... A ze hitzen parrastada!

Negozioen munduko hitz exotikook, hizkuntzen zaindari eta filologo kontserbadoreenak nahi ala ez, hitzen inbentarioan bere lekua hartzen ari dira. Bizi dugun aro elektronikoan beste hitz askok egin duten bide beretik. Duela urtebete, Oxford English Dictionary-k bihotzaren sinboloa onartu zuen hitzen «tenplu» handi horretan. Kamixeten eta pegatinen munduko esanahiei ateak zabalduz. Wiki hitza hor dago. Tweet hitza -«txio egin» ingelesez- txorien mundutik harago bizi da dagoeneko. Interneteko hizkera, pegatinetako sinboloak edo finantzen munduko terminoak hiztegietara ekartzeak bi gauza erakusten ditu niretzako: ingeles hizkuntzaren plastizitatea, euskaldun gisara inbidia pixka bat ematen didana. Eta munduko, ala zeruko, ala infernuko, errealitate bakoitzarentzat hitz bat sortzeko mugagabetasunaren aspirazioa gogoratzen duela.

Sistema dezimalak pertsonari unibertsoko edozein zenbaki idaztea ahalbidetu zion. Posible ote da hitzekin? Borges idazle argentinarrak «El idioma analítico de John Wilkins» (John Wilkinsen hizkuntza analitikoa) obran, gizakiaren ideia guztiak antolatuko lukeen hizkuntza batez aritu zen, gauzen izen berak beren patu, iragan eta geroaren detaileak emateko gai izango zena. Alegiazko lexiko horrek, Borgesek susmatu legez, ez luke inoiz unibertsoa barnean hartuko, batasunaren zentzu organikoan existitu ezin delako. Borgesen unibertso propioan ez zen Internetik edo finantzen globalizaziorik. Baina aspirazio eder bat zuen.

Hitzen esanahia jende gehienarentzat esan nahi duena izan behar da. Jendearen hitz berriek korrupzio pixka bat emango diote, agian, gure hizkuntz zaharrari. Hori, baina, ospatzekoa da.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo