GARA > Idatzia > Iritzia> Gutunak

Nerea Abrego | Atleta

Euskaldunak: 7=1 ala 3=1?

Euskaldunok nortzuk garen definitzeko dauden zailtasunen harira, kirolari nafar bezala bizi behar izaten dudana salatzeko gutun hau idazten dut. Nafarroakoa izateagatik alboratua sentitu nintzen azken gertakaria pasa den igandean izan zen, Donostiako maratoi erdiko sailkapeneko bigarren neska izan nintzenean Senait Guetema kenyarraren atzetik. Sari-banaketan lehen sailkatuak itxaroten geunden bitartean eta ezagutzen ginenon artean euskaraz mintzatzen ginen bitartean, nik lehendabiziko euskaldunaren saria ezingo nuela jaso jakinarazi zidaten.

Administratiboki Euskal Herriko zazpi probintziek pairatzen duten banaketak horrelako egoeren aurrean nahasmena sortzen du. Baina herri kirol-proba batean euskaldun (gaztelaniaz vasco edo vasca) hitza erabiltzerakoan, ez da soilik EAEko biztanleei zuzentzeko erabil daitekeen hitza, euskaldun izatea euskal herritar guztion identitatea delako. Euskalduna naizela erakusteko ez naiz EAEn jaioa edo bertan federatua izan behar, Nafarroak, gainontzeko sei probintziekin batera, historia eta nortasun bera partekatzen baitu.

Nire sorterria maite, bizi eta defendatzen dudalako, horrelako egoerak eragiten didaten oinazea handia da. Gainera, Euskal Herria bizitzen ari den «garai berri» honetan eta Donostiako Udalak aldaketa horren eredu izan nahi duen heinean, bertan antolatzen diren kirol-probetan nafar-jatorriko pertsona bat euskaldun ez kontsideratzea larria iruditzen zait.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo