GARA > Idatzia > Euskal Herria

Manu Azkarate tolosarra estraditatzea ontzat eman du Paueko auzitegiak

Duela bi aste Azkarateren kontrako estradizio eskaera aztertu ostean, Paueko Dei Auzitegiak ontzat eman zuen, atzo, tolosarra Espainiaratzea. Erabakiari helegitea jarriko dio preso ohiak. Bestalde, Filipe Bidarti Baigorrin bizitzeko eskubidea onartu zion Pariseko epaitegiak.

Arantxa MANTEROLA |

Madrilgo Auzitegi Nazionalaren eskaerari men eginez, Paueko Dei Auzitegiko fiskala Manu Azkarate estraditatzearen alde azaldu zen joan den maiatzaren 15ean. Atzo, Auzitegiak berak fiskalaren iritzia aintzat hartu eta tolosarra Espainiaratzea onartu zuen.

Horrenbestez, bere abokatu Maritxu Paulus-Basurkoren argudioak ez ditu ontzat eman. Besteren artean, eskaeran oraindik betetzeko geratzen zaion kondena ez zela zehazten eta informazio gehigarria eskatu zuen. Estradizioa onartuz gero, Europako Giza Eskubideen Itunaren 3. artikulua -tratu ankerrei buruzkoa- urratuko zela gaineratu zuen eta mediku-azterketa sakona egitea ere eskatu zuen.

Estradizio prozedurak Epaitegi Gorenean kasazio helegitea jartzeko aukera ahalbidetzen dio preso ohiari eta bere abokatuak adierazitakoaren arabera, aukera horri helduko dio. Epaitegi horrek aste batzuk barru eman beharko luke erabakia.

Polizia frantsesak martxoaren 7an Ziburun atxilotu zuen Azkarate, baina bere osasun egoera tarteko, fiskalak aske uztea deliberatu zuen, astean behin komisariara sinatzera joateko baldintzapean.

Azkaratek duen eritasun kroniko larria medio, etengabeko zaintza izatea ezinbestekoa zaio. Arrazoi horiengatik, betetzen ari zen espetxe-zigorra eten eta aske utzi zuten baldintzapean, 1992an.

Hamabi urte geroago, Javier Gomez Bermudez Espetxe Zaintzako Epaitegi Zentraleko epailearen aginduz, berriro atxilotu zuten, baina hilabete batzuk geroago aske jarri zuten arrazoi berberagatik. Berriro kontrol neurriak ez betetzeagatik abiatu zuen Madrilek oraingo estradizio prozedura.

Azkarateren kontrako estradizioa onartu izana salatzeko, elkarretaratzea egin zuten atzo, Ziburun.

Bidart, Baigorrin

Bestalde, Filipe Bidartek ezarritako helegitea ere atzo aztertu zuen Pariseko Dei Epaitegi Bereziak, baita onartu ere Bidarti bere herrian, Baigorrin, bizitzeko eskubidea.

2007ko otsailaz geroztik, baldintzapeko askatasunean jarri zutenetik hain zuzen, Okzitaniako Beziers hirian bizitzera behartuta zegoen Iparretarrak erakundeko militante ohiari martxoaren 29n onartu zion epaileak bere etxera itzultzeko egindako eskaera. Alta, fiskalak delibero horren kontra jo zuen, kondena osoa 2014ra arte amaituko ez zuela-eta. Orain Euskal Herrian bizitza arrunta egiteko aukera izango du baigorriarrak.

Ez da baldintzapeko askatasun eskaerari lotuta azken egunotan epaitegi frantsesek esku artean duten helegite bakarra. Izan ere, Ion Kepa Parotek ezarritakoa bihar aztertuko dute. Hirugarren aldiz ukatu diote 23 urte preso daraman baionarrari baldintzapeko askatasuna, horretarako ezinbestekoak diren baldintzak (lana eta helbide bat izatea, besteak beste) betetzen dituen arren. Hori dela-eta, ostegunean elkarretaratzea egitera deitu du Herrirak, 19.00etan, Baionako Herriko Etxearen aitzinean. «Bizi osorako espetxe zigorrak amaitzea» exijituko dute bertan eta antzeko kasuan dauden Txistor Haranburu eta Jakes Esnalen egoera ere salatuko dute.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo