GARA > Idatzia > Mundua

Bigarren lurrikara batek hamabost hildako eragin ditu Italia iparraldean

Beste lurrikara batek gutxienez hamabost hildako utzi zituen Emilia Romagna eskualdean, Italia iparraldea eta erdialdea gogor astinduz. Ordu batzuk geroago 5,3 graduko beste lurrikara bat izan zen. Hamar egun baino ez dira pasa lehen lurrikara gertatu zenetik.

p023_f01148x108.jpg

GARA |

Italiako Emilia Romagna (iparraldea) eskualdean beste lurrikara bat izan zen atzo, maiatzaren 20ean lehen lurrikara izan eta bederatzi egunera hain zuzen. Bigarren honetan gutxienez hamabost lagun hil, ehunka zauritu eta hainbat desagertu dira. 5,8 gradukoa izan zen.

Hori gertatu eta ordu batzuetara, 5,3 graduko beste lurrikara batek astindu zuen berriro ingurua. Hori eguerdian gertatu zen, 12.55ean, Cavezzo herritik hiru kilometrora. Handik pixka batera 5,1 graduko beste dardara bat izan zen. Biek Modenako probintzian izan zuten epizentroa.

Azken horiek goizean izandako 5,8 graduko lehen lurrikara baino txikiagoak izan baziren ere, gogor nabaritu ziren, sakonera txikiagoan, hots, lurrazaletik hurbilago gertatu zirelako.

Goiz osoan zehar 40 erreplika baino gehiago izan ziren, guztiak intentsitate txikiagokoak.

Mirandola hirian, hainbat eliza kaltetu ditu lur astinaldiak eta aurreko lurrikararen ondorioz jada kaltetuak zeuden eraikinak eraitsi egin ziren.

Italiako komunikabideen arabera, San Felice sul Panaroko eta San Francisco basilikako dorreak, Mirandolan, eta inguruko beste eliza batzuk ere kaltetuta geratu ziren.

Italiako iparralde eta erdialdean igarri zen; Bolzanon -Italia eta Austria arteko mugatik gertu-, Milanen eta Toskanan.

Bolonia hiriburuan ere gogor igarri zuten eta Milanera, Veroniara, Mantuara eta Modenara zihoazen trenak bertan behera geratu ziren.

Valle de Aostan ebakuazioak egin behar izan zituzten eta jende asko atera zen kalera. Venezian ere ikara uneak bizi izan ziren estatua bat lurrera erori eta ia oinezko bat jo zuenean. Suhiltzaileak geratu ezinik ibili ziren egun osoan zehar.

Azken hamar egunetan Italian erreplika ugari egon dira, maiatzaren 20an lehen lurrikara izan zenetik. Guztira 417 dardaraldi bizi izan dituzte atzokoak kontuan izan gabe. Horietako hiru Richter eskalaren arabera 5 gradutik gorakoak.

Italiako Gobernuko presidente Mario Montik, «ahal den guztia eta ahal bezain bizkor» egingo zutela eta «une hau gaindituko» zutela ziur zela esan zuen lurrikararen ondoren eskainitako prentsaurrekoan.

Maiatzaren 20an izandako lehen lurrikarak ere Modena probintzian izan zuen epizentroa, Emilia Romagna eskualdean; zazpi hildako izan ziren eta 5.000 lagun ebakuatu zituzten.

ebakuazioak

Demetrio Egidik, Babes Zibileko zuzendariak Skytg24 kateari lurrikararen ondoren 6.000 ebakuazio eskaera izan zirela jakinarazi zion.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo