GARA > Idatzia > Iritzia> Kolaborazioak

Miren Azkarate | Euskaltzaina

Agur, andereño

Andereño eta gurasoei zor diegu neurri handi batean honaino iritsi izana. Lan bikaina egin duzue. Orain gure esku dago, andereño, bigarren partea: «garelako izango dira»

Sarritan esaten dugu euskaraz izan direlako gara, garelako izango dira. Badirudi erabiliaren erabiliaz hitzek balioa galtzen dutela; baina, kasu honetan behintzat, ez da hala. Alderantziz esango nuke, esaldi hori errepikatzeak adierazten baitu oinarri sendoa dugula, pertsona askoren lanaren uzta dugula ondare. Horixe bururatu zitzaidan Karmele Esnalen heriotzaren berri izan nuenean. Izan ere, ez da nolanahikoa andereño Karmelek eman diguna. Egia esan, ondare hori ez diogu berari bakarrik zor. Karmele Esnalekin batera, beste batzuek ere hartu zuten Elbira Zipitriak edo Faustina Carrilek hasitakoari jarraipena emateko ardura. Baina Karmele Esnal da joan zaiguna, 1955etik 1997 arte, 42 urteko ibilbide luzean andereñoen lana inork gutxik bezala hezurmamitu duen emakumea.

Gaur harro sentitzen gara gurasoek D ereduaren aldeko aukera egiten dutelako eta haur gehienak euskarazko ereduan eskolaratzen direlako. Autogobernua berreskuratu ostean ezarri ziren hizkuntza-ereduak eskolan. Baina orduan ere, orain dela 30 urte, beste batzuen lanaren zordun izan ginen. Ordurako ikastolek bazuten fama «ondo merezia», bazuten izen ona, bazuten gurasoen babesa. Ez, ordea, euskaraz irakasten zutelako bakarrik. Hizkuntzak adinako garrantzia zuen, gutxienez, irakaskuntzaren kalitateak. Guraso askok ikusten zuten ongi prestatuak ateratzen zirela ikastoletatik neska-mutilak. Aurrerakoia zen irakaskuntza-metodoa. Kalitatezkoa, euskaraz emana. Horixe zen ikastola-ereduaren ikurra.

Badakigu, hala ere, 70eko hamarkadan hedatu eta indartu ziren ikastolek hasiera xumea izan zutela; xumea, baina sendoa. Geroko ikastolen mugimenduaren ezaugarriak bere baitan zituena: euskara eta kalitatea. Eta hor hasi zen Karmele Esnal lanean. Irakasle ikasketak egin eta titulua eskuratu ondoren, Elbira Zipitriaren ondoan urtebetean jardun eta 1955ean ireki zuen bere ikastola zazpi haurrekin. Pedro Egaña kalean lehenik eta Artzain Oneko ikastolan ondoren, garai hartako Donostiako familia euskaldunetako hamaika haur pasatu ginen bere eskuetatik. Nik hemen egin dezakedana baino askoz egokiago azaldu zuen Nekane Auzmendik nolakoa izan zen Karmele Esnalen lana, Gipuzkoako Foru Diputazioak 1999an Abbadia saria eman zionean egin zuen hitzaldian. Ez genuen ia libururik, baina irakurtzen ikasi genuen, idazten ikasi genuen, matematikak ikasi genituen, geografia (gure inguruko mendiak, ibaiak, Euskal Herrikoak), Itun Zaharra eta Itun Berria ikasi genituen, abesti mordoa, asko kantatzen genuen, astero egiten genuen irteeraren bat oinez askotan Kristina Eneara. Lau urte ematen genituen andereño Karmelekin, garai hartako Ingreso egin artekoak. Eta elkarrekin egoten ginen maila guztietakoak. Ez dakit nola, baina bakoitzak bere mailari zegokiona ikasten zuen. Urteak joan arren, ikastolan ibilitako askok badugu oraindik harremana; abentura hartan partaide izanaren nolabaiteko konplizitatea.

Egun hauetan egunkariek oroitarazi diguten moduan, Karmele Esnalen euskararen aldeko lana ez zen ikastolara mugatu. Jarrai antzerki-taldeko kide izan zen; «Zeruko Argia»-n idazten zuen, Arrate Irratian kolaboratzen zuen... Gaur kazetari batek esan dit deigarria dela ikustea badela euskaltzain urgazleen artean multzo bat euskararen ikertzaile ez dena. Karmele Esnal zen horietako bat, 1998an euskaltzain ohorezko izendatu genuena. Kazetariari oroitarazi diot Euskaltzaindiak sortzetik beretik izan dituela Iker Saila eta Jagon Saila. Ikertzearekin batera, zaindu ere egin behar da euskararen erabilera, arlo guztietara hedatu. Gaur euskarak eremu asko ditu bereak, orain dela 50 urte baino askoz gehiago; eta horretan hezkuntzak berebiziko garrantzia izan du. Ukaezina da hori.

Kontxita Beitia, Nekane Auzmendi, Mari Karmen Oiarbide, Arantza Allur, Arantza Idiazabal, Jone Etxabe, Itziar Ajuria, Eulali Aranburu eta beste hainbat izan zituen ondoan Karmele Esnalek. Guztientzat izan zen erreferentzia. Bat baino gehiago joan zitzaion ikastolara, bere ondoan ikastera. Guztien lana aitortu du gizarteak. Karmele Esnalen lana nabarmendu zuten Gipuzkoako Foru Diputazioak Abbadia Saria emanaz, eta Euskal Idazleen Elkarteak ohorezko bazkide eginaz. Oraingoan, behintzat, ez gara berandu ibili, bizirik zegoela jaso du egindako lanaren aitortza.

Gaur, agur andereño eta eskerrik asko esatean, Karmele Esnalek izan zituen lankiderik leialenak izan nahi ditut gogoan: gurasoak. Behin baino gehiagotan entzun genion gurasoak zirela benetako omenaldia merezi zutenak. Bere eta bera bezalako andereñoen esku seme-alabak uzteko kemena eta erabakimena izan zuten gurasoak. Andereño eta gurasoei zor dizuegu neurri handi batean honaino iritsi izana. Lan bikaina egin duzue. Orain gure esku dago, andereño, bigarren partea: garelako izango dira.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo