Eskalada | Lehia
Euskal ordezkariak sendo erregulartasunaren zirkuituan
Amaitu da Espainiako Eskalada Kopa. Euskal lehiakideei dagokienez, Mikel Linazisorok 16 urtez azpikoen artean lortutako garaipena eta Itziar Zabalak 20 urtez azpikoen mailan eskuratutako zilarra zein seniorretan lortutako bosgarren postua nabarmendu behar dira.
Andoni ARABAOLAZA
Espainiako Eskalada Kopa amaitu da dagoeneko. Ohi den bezala, hiru hitzordu izan ditu. Aurten, Murtzia, Tortosa eta Bartzelonan. Azken proba hori duela astebete jokatu zen. FEDMEk antolatutako erregulartasun zirkuitu horretan, beste behin, euskal ordezkariak izan dira, eta hein handi batean, eginiko lana txukuna izan da; hainbat podium lortzeaz gain, garaipen bat erdietsi baita.
Lehen lehian seniorrak aritu ziren. Mutilen mailan ez zen euskal ordezkaririk izan; bai, ordea, nesketan. Nahiz eta jubenila den, Itziar Zabala nagusiekin lehiatu zen, eta, hirugarrenez jarraian, laugarren postua lortu zuen. Garaipena Berta Martinentzat izan zen, bigaren postua Helena Alemanentzat eta hirugarrena Andrea Cartasentzat. Zuriñe Arrue ez zen finalera pasa, eta, azkenean, hamaikagarren izan zen. Mutiletan, berriz, podiuma katalanek osatu zuten: lehena Ramon Julian izan zen, bigarrena Victor Esteller eta hirugarrena Marco Jubes.
Biharamunean jubenilen txanda izan zen. 16 urtez azpikoen mailan, Mikel Linazisorok argi asko erakutsi zuen zirkuituko indartsuena izan dela; izan ere, Bartzelonan ere irabazi egin zuen. Hirutik hiru, alegia. Gorka Ruiz eta Bittor Esparza, berriz, ez ziren finalera pasa. Nesketan, Andrea de Goñi eta Jone Ugartemendiak lan polita egin zuten, eta finalean lehiatu ziren.
Bestalde, 18 urtez azpikoetan, euskal ordezkarien artean soilik neskek hartu zuten parte. Miriam Mulasek beste podium bat erdietsi zuen, hirugarren postua eskuratuz. Naiara Garmendia finalista izan zen.
Eta 20 urtez azpikoetan, aurreko mailan bezala, ez zen euskal mutilik izan. Itziar Zabalari ihes egin zion garaipenak, eta bigarren postuarekin konformatu behar izan zuen. Ilargi Perez hirugarren postuan sailkatu zen.
Aipatu ditugun hiru proba horien puntuak batu ondoren, sailkapen orokorrari begiradatxo bat botako diogu. Seniorretan, mutiletan bederen, Antton Zabala eta Igor Aranaz lehen postuetatik urrun geratu dira. Irabazlea, jakina, Ramonet izan da. Itziar Zabalak, berriz, hiru laugarren postu poltsikoratu ondoren, amaieran bosgarren bukatu du. Eta Zuriñe Arrue, bi lehia jokatu ondoren, hamabosgarren lekuan sailkatu da. Irabazlea Aleman izan da.
Linazisorok, bere aldetik, Espainiako Kopa irabazi du 16 urtez azpikoetan: hiru probetatik hiru irabazi ditu. Ruiz zazpigarren izan da eta Esparza zortzigarren. Nesketan, Goñi bosgarren postuan sailkatu da eta Ugartemendia seigarrenean. 18 urtez azpikoen mailan, oso gutxigatik bada ere, Mulasek ezin izan du brontzea eskuratu, eta, azkenean, laugarren izan da. Garmendiak seigarren postua lortu du eta Platerok zazpigarrena. Eta 20 urtez azpikoetan, lehia bat gutxiagorekin, Ibai Isusi zortzigarren sailkatu da eta Kepa Bruña hamargarren. Zabalak zilarra eraman du nesketan, eta Perez bosgarrena izan da.
Bide onetik
Horiexek izan dira euskal ordezkariek erdietsi dituzten sailkapenak. Horietako gehienak Euskal Mendizale Federazioaren izenean lehiatu dira, eta, beste gutxi batzuk, Nafarroako Federazioarekin. Josean Mulas EMFko hautatzailea dugu, eta adierazi digunez, oro har, gustura dago taldeak eginiko lanarekin. Hala ere, aurten hutsune batzuk ikusi ditu, besteak beste, senior mutiletan: «Uste dut trantsizio garai batean gaudela; maila badago, baina aurten ez dira aurrean ibili. Nesketan, berriz, ezberdina izan da. Banekien Itziar ondo ibiliko zela. Iaz nagusiekin lehiatu zen, eta aurten eskatu nion gehiago estutzeko. Oso ondo jardun du, hiru laugarren postu lortu baititu. Pena bakarra dugu podium batek ihes egin diola. Oso ondo lehiatu da, presio handirik gabe. Zuriñek bi hitzordutan hartu du parte; gehiago motibatu beharra duela uste dut, baita dituen beldurrak uxatu behar dituela ere».
Bestalde, Mulasek argi du harrobia ondo baino hobeto landu behar dela, eta gazteek eginiko lanari buruz oso hitz onak ditu: «20 urtez azpikoetan, Ibairi beste urte bat geratzen zaio maila horretan, eta gehiago motibatu beharra du. Kepa, berriz, beteranoa da, baina ikasketengatik ezin izan du bere maila eman. Itziar, aldiz, azken bi probetan antolatu zituzten bideetan ez zen fin ibili. Askoz ere hobeto moldatzen da seniorren bideetan, fisikoagoak direlako. Baina, lehen aipatu dut oso indartsu dagoela. 18 urtez azpikoetan, Miriam ondo ikusi dut. Lehen lehia lasai antzean hasi zuen, baina ondoren oso maila ona eman du. Denbora darama lehiatzen, eta hori nabaritzen da. Finaletan jarreraz aldatu beharra du; gogortasun gehiagorekin lehiatu behar du. Eta 16 urtez azpikoetan, Mikeli buruz zer esan dezakegu; bada, dena irabazi duela. 12 urte besterik ez ditu, eta gasolina asko dauka. Jone, Gorka eta Bittor, berriz, uste dut bide onetik doazela».
Etorkizunari begira, euskal hautatzaileak argi du gazteekin lanean jarraitu behar dela kosta ahala kosta: «Harrobia funtsezkoa da, eta gazte horiek indartzen saiatzen naiz. Jakina, nagusiak ahaztu gabe. Baina lan horretan era egoki batean jarduteko teknikook laguntza behar dugu; ez dugu lanaldi osoa eskatzen baina bai laguntzatxoren bat. Motibazio horri eusteko federazioaren aldetik beste jarrera bat behar dugu. Adibidez, Kataluniako Federazioak apustu sendoa egiten du, eta horrek, noski, emaitzetan isla du».
Garaipen bat eta zilar bat lortzeaz gain, euskal ordezkariak hainbat podiumetan eta final askotan izan dira lehia ezberdinetan
EMFko hautatzaile Josean Mulasek adierazi du taldea bide onetik doala. Hala ere, laguntza eskatu du lan hori era egokian bideratzeko