Itziar Zabala | eskalatzailea
«Oraindik hobetu beharra dut; haatik, eginiko lanarekin pozik nago»
Aurten nagusien zein 20 urtez azpikoen kategorietan lehiatu zara, eta, sailkapen orokorrei begiratzen badiegu, ikusten da pozik egoteko motiborik baduzula. Zer-nolako balorazioa egiten duzu?
Aldez aurretik jarritako helburuak uste dut ondo bete ditudala. Motibazio handiarekin aurkeztu nintzen, batez ere seniorretan kaña gehiago sartzeko, eta ondo jardun dut. 20 urtez azpikoetan, berriz, ez hain ondo. Baina, oro har, oso gustura nago eginiko lanarekin.
EMFko selekzioko zure taldekideak ez bezala, zu larunbat zein igandeko lehietan izan zara. Ongi eraman al duzu?
Bai, baina aitortu behar dizut seniorretako lehiak neka-neka eginda uzten ninduela. Besoak leher eginda nituen, besteak beste, bideak oso fisikoak zirelako. Haatik, nekamen fisikoa baino gehiago, lehiak eragindako nekea izan da: bi bide dira, presioa, beste maila bat... Oro har, uste dut ondo ibili naizela. Podiuma hurbil ikusi dut. Proba batzuetan sailkapen orokorrean nire aurretik geratu diren batzuei irabazi diet, baina, azkenean, hiru laugarren postu izan dira. Iaz seniorretan soilik probatzera atera nintzen; aurten, aldiz, lehiatzera.
Erregularra izan zarela inork ez du zalantzan jartzen.
Horixe da. Hor ibili naiz beti laugarren postuan, baina, nola diren gauzak, azkenean sailkapen nagusian bosgarren izan naiz. Ikusi da hitzordu bakoitzean sailkapenak aldatu direla.
Lehen hiru sailkatuengandik, hots, Helena Aleman, Andrea Cartas eta Berta Martinengandik, gertu ikusi al duzu zure burua? Beste maila batean al daude?
Andreari, adibidez, Tortosan irabazi nion, eta Bartzelonan parez pare ibili ginen. Hala ere, uste dut Helena eta Berta beste maila batean daudela.
Berta Martinek 35 urte ditu eta zuk 17. Beterano hori aurrean ikusteak motibatuko zaitu, ezta?
Bai, halaxe da. Gainera, nagusiekin lehiatzea oso eskarmentu polita da; asko gozatzen dut. Motibatzen nauena da lehiakide gogor horiek gertu ikustea. Hori dela eta, gogor jarraituko dut entrenatzen. Uste dut oraindik gauza politak egiteko denbora badudala.
Bestalde, 20 urtez azpikoen mailan bazirudien aurten ere lehia guztiak poltsikoratuko zenituela, baina ez da hala izan. Bide plakeroekin arantza bat duzu.
Azken bi probetan hala izan da. Ni bide fisikoekin ohituta nago, eta plaketan ez naiz ondo moldatzen. Horregatik nahiago ditut seniorren bideak. Gainera, ekipatzaileekin ez nago oso ados. Eroria zuten egituretan lehiatu gara, baina ekipatzaileek, gazteoi bederen, bide plakeroagoak jarri dizkigute. Ekipatzaileek ia arreta osoa seniorrei jartzen diete: bide landuagoak dira, kalitate gehiago dute... Nire iritziz jubenilei askoz ere kasu gutxiago egiten digute.
Zer uste duzu hobetu behar duzula?
Plaketan ondo ibiltzeaz gain, teknika gehiago landu behar dut. Dimoztarra naizenez, Baltzola etxe ondoan daukat, baina ez dut autorik beste eskalada eskoletara joateko. Eta, beraz, ezin ditut beste estilo batzuk landu. Hori bai, burugogorra naiz, eta saiatuko naiz nire gabeziak gainditzen.
Aurki Espainiako Txapelketa duzu.
Bai, hori da hurrengo helburu nagusia. Entrenatu beharrekoa entrenatu dut; sasoiko nago eta dena ematera aterako naiz. Gustuko ditut lehiaketak: presioa kontrolatzea, bizitzen duzun eskarmentua, ezagutzen dituzun lehiakideak...