GARA > Idatzia > Iritzia> Zirikazan

Josebe Egia

Norabide bakarrak baliorik ez

«The New York Times» egunkariko erreportaje baten arabera, gizonak tradizionalki femeninoak izan diren lanpostuen bila jotzen hasi dira. Horiek, heziketa, zaintza edo zerbitzatzearekin lotuak: andereñoa, kutxazaina, zerbitzaria, erizaina, adinekoen zaintzailea...

Fenomenoa egungo abagune ekonomikoak bultzatua ote den hausnartzen da, alegia, gizonen ohiko lanpostu gutxiago egotea eragiten ari ote den emakumeen esparruetan sartzea, bizimodua nola edo hala ateratzearren, alde batera utzita, halabeharrez, prestigio soziala.

Antza, pauso hori emandako gizonezkoei egindako inkestetan oinarrituta, ez da krisia arrazoi nagusia, behin bada ere. Askoren zioen artean, asebetetze pertsonala ageri da, edo estres gutxiagoz eta familiarentzako denbora gehiago edukiz bizi ahal izatea. Batzuek, aurreko lanbideetan, diru gehiago irabazten zuten, baina bizi-kalitate txarragoa zuten; orain, aldiz, materialki horren aberatsak ez eta espiritualki zoriontsuagoak dira. Eta gizon horiek, gainera, ez omen dira etorkinak soilik, bertako hizkuntza ez dakitenak, lanpostu «garrantzitsuak» eskuratzeko nolabaiteko mugak dituztenak, herrialde atzerritar batean beti bigarren mailako izatera behartuak. Gizon horiek, estatubatuar zuri ikasiak ere badira, teknologia, zenbaki, botere edo bakardadeaz nazkatuta, gizatasun gehiagoren bila joandakoak.

Joandakoak eta topatu egin dutenak. Izan ere, emakumezkoei dagokienez alderantziz ez bezala, ez zaie zaila egiten emakumezkoek beteriko esparru horietan lana aurkitzea, ez eta pixkanaka postuetan gorantz egitea ere, ardura postuetara, hain zuzen. Eta, gainera, lanbide horietan ere gehiago kobratzen ei dute. Beraz, kristalezko sabaia, edo eskailera, deritzona, ez da enpresa munduan bakarrik gertatzen, baita lanbide mota hauetan ere, emakumeak nagusi badira ere.

Ondorioz, fenomenoaren kausa gisa aipatzen den horien arteko beste bat, zinez kontuan hartzekoa, kolokan jar daiteke. Arrazoi hori da estereotipo sexualen pixkanakako higadura. Egun, antza, ez dago antzinako estigma sozial hura, gizonak barregarri uzten zituena, adibidez, erizain lanetan arituz gero, edo haurtxoen hezitzaile izanez gero, eguna pixoihalak aldatzen, potokoak ematen eta sehaska-kantak abesten emanda. Antza, dagoeneko gizontasuna ez da zalantzan jartzen lanbidearen arabera. Eta, hori gaindituta, ez dago inolako trabarik merkatu horietan sartzeko, eta sartzeko ez ezik, nabarmentzeko ere.

Hortaz, badirudi ohiko estereotipo horien aldaketa norabide bakarrekoa dela; gizonei dakarkiela onurarik, are erraztasun gehiago, baina ez emakumeoi. Zailtasuna izaten jarraitzen baitugu zenbait lanbide eskuratzeko, zer esanik ez ardura postuetan jarduteko, soldata bera kobratzeko, familiarekin bat egiteko, sozialki onartuak izaten jarraitzeko... tradizionalki gizonezkoenak izandako, eta oraindik diren, eremuetan, gaitasunen balorazioak inolako zerikusirik ez duen lan-merkatuan. Horrek ez dakar aldaketarik, ohiko jendarte egitura beraren betikotasuna baizik, eraldatuta, agian, baina muin bera oinarri.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo