Avironek National maila galduz amaitu du azkenean izugarri gaizki hasitako denboraldia
Avironentzat urte zaila izan da, eta ez da miraririk gertatu, lapurtarrek N1 maila galdu egin baitute eta CFA mailan jokatu beharko baitute datorren urtean. Iaz ere maila galdu zuten, baina zenbait taldek zituzten diru arazoak medio berriro ere National mailan jokatu ahal izan dute.
Jon LEUNDA
Avironek ezin izan dio N1 mailari eutsi. Denboraldi osoa pasatu du jaitsierako postuetan, eta une batzuetan zulotik irtengo zela ematen baldin bazuen ere, ez du lortu; beraz, aurten ez da miraririk gertatuko eta datorren denboraldian CFA mailan jokatu beharko du Baionako taldeak.
Egia da Frantziako Federazioak iazko denboraldi amaieran izandako jokabideak ez diola batere mesederik egin. Avironek iaz galdu zuen N 1 maila, baina hamazazpigarren amaitu zuen eta mailari eusteko itxaropena beti izan zuen, diru arazoak medio talde batzuk uko egin behar izan baitzioten mailan jarraitzeari. Federazioari, ordea, haien lekua zeinek bete behar zuen erabakitzea asko kosta zitzaion, eta horrek kalte handia egin dio talde zuri-urdinari, ez baitzuen izan hasieratik nahi zuen taldea egiterik. Federazioak erabakirik hartzen ez zuela ikusita, Avironek CFA mailan jokatzeko taldea egin zuen, eta denboraldi-aurrea horretan eman zuen. Liga hasteko hiru aste falta zirela esan zioten berriro ere N1 mailan jokatu behar zuela, eta orduan gauza guztiak presaka egin behar izan zituen.
Avironek taldea indartu beharra zeukan, eta jokalari mordo bat ekarri zituen denboraldia hasterako. Hala, lehen partidak iritsi berriak ziren jokalari mordo batekin jokatu zituen. Ondorioz, lehen emaitzak txarrak izan ziren, eta oso azkar sartu zen zuloan. Avirongo zuzendariek taldea indartzen jarraitu zuten, eta jokalariak taldeko lanera ohitu eta elkarrekin bat egin zutenean, emaitzak hobetzen ere hasi ziren, baina ez zen nahikoa izan, eta jaitsierako postuetatik ihes egin ezinik ibili dira lapurtarrak.
Bigarren itzulia
Bigarren itzulian ere jokalari berri batzuk ekarri zituzten, baina emaitzak ez ziren hobetu. Une batzuetan azkeneko postua utzi eta salbaziotik gertu jartzen ziren, baina hurrengo boladan partida bat baino gehiago galdu eta berriro ere zulora itzultzen ziren, eta horrelaxe aritu dira denboraldia amaitu bitarte. Jaitsiko zirela ikusten zutenean, helburua ahalik eta gorenen geratzea zen, iaz bezalaxe aurten ere talde batek baino gehiagok diru arazoak izango dituelako, baina hori ere ez dute lortu, eta sailkapeneko azkeneko postuan amaitu dute. Beraz, horrekin datorren urtean zeuden lekuan jarraitzeko itxaropen guztiak zapuztu dira, eta, hala, datorren denboraldian CFA mailan jokatu beharko dute. Helburua talde on bat egitea da, eta berriro ere ahalik eta azkarren Nationalera igotzea. Horretan saiatuko dira.
N1 oso maila zaila da, aurrekontu handiak dituzten talde asko baitaude bertan. Orain gutxi Frantziako Lehen Mailako talderik garrantzitsuenetakoak ziren batzuk ere hemen daude, Nimes, Niort, Rouen edo Red Star, esaterako, eta haien aurrekontuekin borrokatzea ezinezkoa da. Avironek izan du txikiena, eta ahal duen neurrian saiatu bada ere, ezinezkoa izan zaio haiei aurre egitea.
Batasuna
Goi mailako bi errugbi talde eta futboleko bat izatea ia ezinezkoa da egun Ipar Euskal Herrian, eta batasuna eskatzen duten ahotsak geroz eta indar handiagoa dute. Orain dela urte batzuk futbolak hartu zuen indarra zapuzten ari da, zaleak konturatu direlako oraingo egoeran ia ezinezkoa dela N1 mailatik gora aritzea, edo baita maila horretan bertan talde bat izatea ere. Hori dela eta, Ipar Euskal Herriko futbol zale gehienak batasun handi baten alde dira, eta hori aldarrikatzen dute.
Aviron, Genets, Biarritz eta Croises, denek bat egin eta talde handi bat egin behar dutela eskatzen dute futbola maite dutenek. Proiektu hori indarra hartzen hasi zen pasa den urtean, baina ez zuen aurrera egin, tartean interes ugari ere izan zirelako. Denek garbi dute batasuna ahalik eta azkarren etorri behar dela, Ipar Euskal Herriko bigarren taldeak, Genetsek, ez baitu aurten ere CFAra igotzerik lortu. Hala, futbolaren indarra ez galtzeko, beharrezkoa eta premiazkoa ikusten dute guztiek goi mailan talde bat izatea.