Gogortzaren askatasuna eskatu dute Basaurin
Aitzol Gogortza euskal preso errenteriarra larriki gaixorik dago eta mediku txostenen arabera gaitz sendaezina du. Errenteria eta Oiartzunetik 150 lagun bertaratu ziren atzokoan Basauriko kartzelara espetxeak bere egoera okertu baino egiten ez duela eta aska dezatela eskatzeko.GARA |
Mediku txosten guztien arabera, Aitzol Gogortza Otaegi euskal preso politikoaren gaixotasuna larria eta sendagaitza da. Hala, 150 lagun inguru Oiartzunetik eta Errenteriatik, alegia, presoaren jaioterritik, Basauriko espetxeraino gerturatu ziren atzo bizilagun duten presoaren askatasuna eskatzeko. Espetxearen perimetroari itzulia ematea galarazi zieten bertan zeuden poliziek; hori dela eta, atarian geratu ziren bi ordu pasatxoz. Bertan, Gogortzaren askatasunaren aldeko garrasiak entzun ziren; «hormak zeharkatuko zituzten esperantzaz», adierazi zuen Herrirak. Amnistiaren eta euskal presoen herriratzearen aldeko oihuak ere zabaldu zituzten.
Elkarretaratzean gogorarazi zuten espainiar legediaren arabera Gogortzak aske egon beharko lukeela; «alabaina, espetxe agintariek giltzapean mantentzen dute», salatu zuten. Presoak nahasmen psikologiko larria nozitzen du eta kartzelako atmosfera gogorrak -«non gertaera asko iragarrezinak diren, bortitzak ez direnean»- bere bizitza arriskuan jartzen duela salatu zuten, «hain justu bere bizitza babesteko ardura duen instituzioaren beraren eskutik».
Bestetik, Herrira mugimenduko eledun Manu Ugartemendia, Gogortzaren gurasoekin batera, sarrerako garitara hurbildu zen, Basauriko espetxeko zuzendariari gutun bat eman asmoz. Garitako funtzionarioek gutuna hartu nahi izan ez zutenez, bertan geratu zen eskutitza. Bertaratutako guztiei azaldu bezala, eskutitzean Gogortza jasaten ari den eskubide bortxaketa nabarmena salatzen zuen Herrirak. Gero, txalaparta doinuekin agurtu zuten presoa.
Bestetik, errepresaliatuen aldeko aldarria Otxandiora ere irisi zen atzokoan. Hala, presoen eskubideen defentsan 50 lagun bildu ziren bertan.