BODYBOARD | Alex Uranga bigarren txandan kaleratu dute
Dave Winchester, jaun eta jabe Txileko olatuetan
Australiarra gailendu da munduko Grand Slam Series itzuliko hirugarren proban.
Haritz LARRAÑAGA ALTUNA
Bodyboard modalitateko goi mailako itzulia den Grand Slam Series zirkuitua hamar txapelketek osatzen dute, eta, bertan, munduko 24 lehiakide onenek hartzen dute parte.
Itzuliko hirugarren proba Txilen izan zen, maiatzaren 18tik 27ra bitartean, Arican dagoen olatu indartsu eta arriskutsu batean, El Gringo deitzen duten olatuan hain zuzen ere.
Txapelketak iraun zuen artean bi metrotik gorako olatu garden eta indartsuak izan ziren, beraz, lehiakideek sekulako ikuskizuna eman ahal izan zuten.
Tartean, aurten goi mailan lehiatzen ari den Alex Uranga zumaiarra zegoen. Honek ere itzelezko ariketak burutu zituen, baina ez zuen bigarren txanda pasatzea lortu.
Irabazlea Dave Winchester australiarra izan zen. Finalean Guilherme Tamega brasildarrarekin lehia estu-estua izan zuen; aldiz, azken minutuetan, behar adina puntu lortzeko aukera eman zion olatu bat hartzeko gai izan zen, txapela eskuratuz.