GARA > Idatzia > Kirolak> Herri-kirolak

Sokatira | Lur Gaineko Txapelketa

Goiherrik gainerako taldeen gainetik dagoela erakusten jarraitzen du

J.L.

Goiherrik gainerako taldeen gainetik dagoela erakusten jarraitzen du. Herenegun jokatu zen 640 kiloko lehen jardunaldian ere jaun eta jabe izan baitzen, eta garbi ikusi zen pisu honetan ere Goiherriri txapela kentzea oso zaila izango dela, bai, behintzat, gauzak ikaragarri aldatzen ez baldin badira.

Erandioko taldeak jokatu zituen tiraldi guztiak bereganatu zituen, eta ez zuen, gainera, aparteko arazorik izan horretarako. Bigarren posturako lehia handia izan zen, nahiz eta azkenean Gaztedik eskuratu zuen postu hori. Mutriku eta Gaztedi B mendean hartu zituen, eta Goiherri A taldearekin galdu egin zuen. Erandioko bigarren taldearekin, ordea, borroka handia izan zuen. Tiraldietako batek 10 minututik gora ere iraun zituen, baina amaieran garaipena eskuratu zuen, eta bigarren postuan amaitu zuen 640ko lehen jardunaldia.

Goiherri B taldeak ere itxura bikaina eman zuen, nahiz eta ezin izan zuen hirugarren postua gainditu. Hala ere, datozen bi jardunaldietan borroka handia izango du Gaztedirekin, eta bigarren postuan amaitzeko aukerak ere badituela argi eta garbi utzi zuen. Mutrikuk, berriz, Gaztedi B taldeari irabazi zion, eta laugarren amaitu zuen. Azkena Gaztedi B geratu zen.

Puntuetan, Goiherri taldeak 5 puntu eskuratu zituen, Gaztedik 4, Goiherri B taldeak 3, Mutrikuk 2 puntu eta Gaztedi B taldeak bakarra. Bigarren jardunaldia datorren larunbatean jokatuko da Erandion, eta agian txapela ere erabakita geratuko da Goiherriren alde.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo