Aizkora | Urrezko lehiaketa
Mikel Larrañagak eman du ezustea
Azpeitiarrak Oihan Larretxea hartu du mendean 23 urtez azpiko lehiaketan, eta datorren asteko finalean arituko da.
Jon LEUNDA
Maila nagusiko finalean arituko diren aizkolarien izenak pasa den astetik jakinak ziren, baina herenegun ilunabarrean erabaki ziren 23 urtez azpikoenak, eta lehiaketa honek ere garrantzi handia dauka, horietako batzuk jadanik maila nagusian ari diren aizkolariak baitira.
Ezusterik handiena Mikel Larrañaga azpeitiarrak eman zuen Oihan Larretxea mendean hartu baitzuen. Berakoak, gainera, iaz maila honetako bigarren postuan amaitu zuen. Ander Erasunek ere lortu zuen finalerako txartela. Hirugarren finalerdia ere jokatu behar zen, baina iragarri genuen moduan, Mugertza III.ak ez zuen jokatu Rodriguez II.aren aurkako saioa, eta segoviarra ere finalean izango da. Mutrikuarrak aste honetan galdu du bere ama istripu batean, eta ez zegoen herenegun aizkoran aritzeko moduan. Aurten, lehen aldiz, hiru aizkolari izango dira finalean, baina Luixmari Bengoak, Egur Sport enpresako arduradunak, GARAri baieztatu zionez, Mugertza III.ari finalean parte hartzeko eskaintza egingo omen dio, eta lau izan daitezke, betiere mutrikuar gaztea jokatzeko gogoarekin eta animoarekin baldin badago.
Mikel Larrañagak ongi irabazi zion Oihan Larretxeari. Egin beharreko lau probetatik hirutan garaile atera zen, eta bere herrian jokatuko den finalerako txartela eskuratu zuen. Larrañagak zutikako lanean bakarrik galdu zuen, eta gainerako guztietan nahiko eroso irabazi zuen. Egin beharreko lan guztiak egiteko 10 minutu eta 49 segundo behar izan zituen, eta 11 minutu eta 35 segundo, berriz, Oihan Larretxeak, horrela azkeneko ekinaldian aritzeko txartela eskuratuz. Aldea iraupen proban egon zen, hiru kana-erdiko mozten 5 minutu eta 23 segundo behar izan baitzituen Larrañagak, eta 47 segundo kendu zizkion nafarrari.
Beste finalerdian, Ander Erasunek ez zuen ezusterako tarterik utzi, eta oso erraz irabazi zion Aritz Irazabali, eta jokatu beharreko lau probetan garaile atera zen. Zulorik handiena zutikako lanean atera zuen. 36 ontzako enborra zutik jarrita mozten minutu bat eta 38 segundo behar izan zituen, eta 2 minutu eta 20 segundo, berriz, aizkolari bizkaitarrak. Lan guztiak burutzeko, 12 minutu eta 5 segundo behar zian zituen Erasunek, eta 13 minutu eta 40 segundo, berriz, Aritz Irazabalek.
19 urtez azpikoetan, berriz, azkeneko finalerdia jokatu zen, eta Iker Vicentek ez zuen hutsik egin, eta erraz hartu zuen mendean Larrea III.a. Gazte hauek hiru lan ezberdin egin behar izan zituzten, eta hiru probak irabazi zituen nafarrak. 8 minutu eta 7 segundo behar izan zituen Vicente II.ak bere lanak amaitzeko, eta 9 minutu eta 55 segundo, berriz, Larrea III.ak. Itxura bikaina eman zuen Vicentek.
Ander Erasun erraz nagusitu zaio Aritz Irazabali beste finalerdian. Nafarrak jokatu beharreko proba guztietan hartu du mendean bizkaitarra.
Datorren igandean jokatuko dira Urrezko Aizkorako hiru mailetako finalak Azpeitian, eta aurten denetan hiruna aizkolari izango dira, nahiz eta 23 urtez azpikoan lau ere izan daitezkeen.
Maila nagusian, Unai Otaño, Nazabal eta Atutxa II.a neurtuko dira. 23 urtez azpikoetan, berriz, Rodriguez II.a, Erasun eta Larrañaga. Mugertza III.a jokatzeko prest baldin badago lau izango lirateke.
19 urtez azpikoetan, berriz, Eneko Saralegi, Eneko Otaño eta Iker Vicente arituko dira. Iazko txapeldunetatik, 19 urtez azpikoa bakarrik izango da finalean, Eneko Otaño baita txapelduna eta igandean ere Azpeitian izango baita.
Maila nagusian iaz ere finalean izan zen Atutxa, baina bizkaitarrak ezin izan zion irabazi Lopezi, eta, 23 urtez azpikoena, berak bereganatu zuen. J.L.